Irtenbide magikorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Lasagabaster 2021ko urr. 1a, 00:00

Ostirala, gaueko hamaikak eta ohean The Potes taldearen kontzertua entzuten. Seminarixoko karpatik zetozkidan oihuak, txaloak eta barreak. Nekatuta, ezin lorik egin, baina nire barruan poztasun txiki bat. Pasatuko ote genuen txarrena? Gazteek berriro aurkituko ote dute beraien lekua? Badakit Bergaran arazoak ditugula gazte batzuen eta deskantsurako eskubidea duten hainbat bizilagunen artean. Ez da gai samurra, ez bizilagunendako, ezta seme-alaba gazteak dituztenendako. Batzuek bietatik izango dute, gaueko iskanbila eta, tartean, beraien seme-alabak festan.

Argi dago ohitura batzuk gelditzeko etorri direla. Gazteek edaten dutela; egia borobila. Baina bai oraingoek, bai beraien gurasoen belaunaldikoek eta baita beraien aitonen –nahita jarri dut bakarrik aitonen– garaikoek ere. Txikiteoa, poteoa, terrazeoa, litrotzarrak... Adaptazio kontua izan da beti, eta orain, tabernak erdi itxita, ahal den lekuan aurkitzen dute jaia.

Ez dut ikerketa soziologikorik egin, baina esango nuke gauez oihuka ibiltzen diren asko eta asko ikasle eta langile finak direla, arduratsuak, aitona-amonak maitasunez zaintzen dituztenak, lagunen lagunak, emakumeen eskubideak defendatzen dituztenak, planeta zaintzen dutenak...

Baina gazteak diren aldetik, badira ere odol beroak, harroak, ausartak, kirten samarrak batzuetan, eta, batez ere, inkoherenteak. Ostegunean arrisku klimatikoagatik greba egin, baina zapatuan plastikoz josita utziko dugu San Martzial. Eta zer egingo diogu, ba? Akatsak, inkoherentziak ere, bizitzako irakasgai dira. Oreka puntua topatu beharko dugu, kontuak okerrera joan aurretik. Eta berriketa bai, baina irtenbide magikorik ez.

Ez nuke tarte hau amaitu nahi bestelako zarata bat aipatu barik. Honek ere asko izorratzen du gaueko ordu txikietan nire laguna: San Pedro elizako kanpaiak. Horiek isiltzea errazagoa izan beharko luke… baina auskalo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak