Irakurri dut nonbait hau ez dela pandemia, sindemia baizik. Hau da, krisi ezberdinen sinergia dela. Hezkuntzak, elikadurak, lanak, etxebizitzak eta horrelako eragileek eta faktoreek bat egiten dutela. Beharbada, gure agintariek hori guztia kontuan hartuko balute, hobeto asmatuko genuke krisiaren irteeran. Adibidez, langile prekarioak ez du langabezian gelditu nahi eta horregatik ez du bere lana utziko, kutsatuta egonik ere. Bestalde, beste erremediorik gabe beste zazpi lagunekin etxe berean bizi den emakume etorkinak arrisku gehiago izango du kutsatzeko. Norbaitek esan zuen birus honek guztiok berdintzen gintuela; bada, ez dut uste horrela denik, ezta gutxiago ere. Agerian gelditu dira, beste behin, gizarte bereko klase sozialen eta ekonomikoen arteko desberdintasunak.
Kontuan hartzeko beste faktore bat da ingurumena eta gizaki-termitok egiten dugun naturaren ustiaketa basatia. Horrek ere zerikusi zuzena izan du sindemia honetan. Hegaztien eta txerrien gripeak, behi zoroak... ahaztuta izango ditugu gehienok, baina horiek eman ziguten lehenengo abisua… eta, zer esanik ez, berotegi efektuaren ondorioez… Oraindik asko daukagula ikusteko iruditzen zait. Ez naiz zientzialaria, baina argi daukat, gauden puntuan, agintariei baino fede handiagoa diedala horiei. Gehiago entzun eta gehiagotan kasu egin beharko genieke.
Aspaldi idatzi barik neukan zutabe hau, eta ez nuke lehenengoa mezua katastrofista eta tristea izaterik nahi. Plan handiak ditut 2021erako: lehena, optimismoa galdu barik zoriontsu izatea! Ahalegindu gaitezen denok.