Elikagaien bankuak, gaixotasun arraroak ikertu ahal izateko diru batzea, ezer ez duten umeentzako jostailu bilketak…
Joan dadila aurretik, benetan miresteko ahaleginak iruditzen zaizkidala guztiak ere. Baina, egia esan, amorrua ere sartzen zait gorputzean barruraino.
Batetik, gure agintariek inoiz ez dutelako onartzen gizarteak behar larriak dituela.
Elikagai bankuak behar ote ditugu pobreziaren muinean bizi diren euskal familiak gosez ez akabatzeko?
Horrenbeste inbertitzen den garapen eta ikerkuntza sailak ez ote du dirurik edozein gaixoren beharrei erantzuteko?
Eta bestetik, zergatik egiten gaituzte kanpaina horiek gu, herritarrok, salbazioaren arduradun?
Berriz diot, ez pentsa elkartasunari mugak jarri nahi dizkiodanik.
Benetan miresten dudan ezaugarria da jendearen eskuzabaltasuna, justuan daukana ematea, ez sobran duena.
Hala ere, bakoitzari berea.
Instituzioek guk baino baliabide ekonomiko –gure diruaren administratzaileak dira– eta bitarteko gehiago dituzte behar denari laguntzeko. Eta hori ez da elkartasun kontu bat, justizia kontu bat baino.
Iruditzen zait elikagaien bankua behar duen herria ez dela harro egoteko herria.
Bukatzeko, Gabon alai bezain triste honetan, nora ezean Turkian, Grezian edo Alepoko kaleetan benetako errefuxiatu noiz bilakatuko zain dauden milaka pertsonez oroitu nahiko nuke.
Lagun batek esan zidan Europar Batasuneko herrialde bakoitzak, portzentajean, berari legokion gerra-iheslariak hartuz gero, ataundarrek 17 herritar gehiago izango zituztela. Aretxabaletarrok, hortaz, bost bat familia? Zer da hori, ba, gurea moduko herri solidarioarentzako?