Beharrezkoak bezain ikusezinak

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Lasagabaster 2015ko urr. 16a, 00:00

Ezagutzen ditut Arrasaten, baina baita eskualdeko beste herrietan ere, isil-isilik eta profesionaltasun osoz, gizartearentzako ezinbesteko lana egiten duten emakumeak.

Ez dira medikuak, ezta irakasleak ere. Ez dituzte ikerketa eta garapenerako proiektu erraldoiak kudeatzen.... baina horiek guztiak egin ahal izateko guztiz beharrezkoak dira. Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileez ari natzaizue. Udal guztiek azpikontratazioz kudeatzen duten zerbitzua da. Erabiltzaileek, baldintza batzuk betez gero, udaletxera jo eta berehala izaten dute etxean nagusiak edo ezinduak zaintzeko gertu dagoen emakumea. 

Ikusezinak gara izenburupean kanpaina egiten dabiltza zerbitzu horretako emakumeak azken boladan Arrasaten. Ez da erraza onartzea, baina hala sentitzen dira. Ikusezinak, gutxi baloratuak, gaizki ordainduak, eskubide gabeko langileak. Inoren etxera joan eta familia horretako eguneroko martxa eta lana ahalbideratzeko ezinbesteko jarduna egiten dute. Maitasunez eta profesionaltasunez, gainera, egin ere, horretarako burutu behar izaten baitituzte hainbat eta hainbat ikastaro.

Bizi dituzten arazoen artean lan ezegonkortasunarena da kezkagarriena. Kontratua erabiltzaileekin dute, eta, hura hil edo erresidentzian sartuz gero, akabo lana eta akabo hilabete horretako diru sarrerak. Hurrengo kontratua? Nork daki. Zaila da horrelako gorabeherekin hipoteka ordaintzea, autoa erostea, ekonomikoki bizimodu independentea eramatea. 

Duintasunez lan egin eta duintasunez bizi nahi dute, baina ez da erraza. Borroka luzea egin beharko dugu oraindik beren lana behar bezala, duintasunez, errekonozitua izan dadin, inongo diskriminaziorik gabe. 

Nola baloratu behar da, bada, orain arte emakumeek doan egin duten zaintza eta arreta lana?

Maribel, Elena, Karmele eutsi gogor borrokari!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak