Martxo amaieran gurean izan ziren eta kide baten esperientzia entzuteko pribilegioa izan nuen. Duela 30 bat urte sortu zen MST, eta ordutik, lurrik gabe dauden nekazari-herritarrak elkartu eta lurjabe handien etxaldeak okupatzen dituzte. Horrela egoten dira hilabetez eta baita urte luzez Gobernuak desjabetze prozesua egin arte. Hortik aurrera lurra komunitatean banatu eta lantzen hasten dira. Lehenengo beraien biziraupenerako eta gero bidezko merkataritzarako. Borroka molde baketsua da okupazioa, baina kontra jasaten duten biolentzia izugarria da. 1.600 eraildako dira horren adibide.
MSTko arduradunari galdetu nion horrenbeste hildako egonik nola bizirauten zuen mugimenduak; jakin nahi nuen nola gainditzen zuten jendearen beldurra, nola jarraitzen zuten euren eskubideen aldeko borrokan. Hona, bi hitzetan, hark esandakoak: beldurra baino gogorragoa dela gosearekin bizitzea, eta mugimendu bateko kide izateak babesa eta kemena ematen duela. Horrez gain, beste irakasgai bat eman zidan. Okupazioan jaiotako gaztetxoei hasieratik ematen diete euren egoeraren berri. Hortaz, pobreak, miserableak eta errudunak direla pentsatuz hazi beharrean, bidezko borroka bateko protagonistak direla kontziente izanik hezten dituzte.
Gurean, beharbada, gauzak ez daude Brasilen besteko gaizki. Baina bada gorriak pasatzen dabilenik ere. Hipoteka ezin ordaindu, lanik ez, soldata miserableak… eta hori guztia etxean, isilean, bizi dute, gainera, askok.
Bada garaia guk ere planto egiteko. Herritarrak ez gara bizi dugun egoera honen errudun. 2009an kapitalismoa birsortu eta bankuak epaitu behar zirela entzun genuen. Bost urte geroago beraien zor izugarria ordaintzen gabiltza guztiok. Bankuak erreskatatu eta herritarrak ito, horixe politikarien borondatea. Antolatu eta borrokatu, hor gakoa. Gure esku dago!