Gustura idatziko nuke oraingoa azkena izango dela; borroka honekin irabaziko dugula. Baina ez da horrela izango. Sindikatuok badakigu egun bateko grebek ez dituztela pentsioen erreformak aldatuko, ez digutela berriz ere negoziazio kolektiborako dugun eskubidea bere horretan itzuliko. Baina erabat konbentzituta nago, greba egin, egin behar dugula. Beste alternatiba, ezer ez egitearena, ez da sindikatu serioon planteamendutan inoiz sartuko.
Errealitatea ez da egun batetik bestera aldatzen, baina greba orokorreko egun bat mugarri funtsezkoa da halabeharrez luze jotzen duten borroka hauetan. Historiari erreparatuta konturatuko gara gure lorpen guztiak mobilizazioen, gatazken eta greben eskutik etorri direla. Adibidea, aste honetan bertan hainbat egunkaritako ekonomia orrietan; Euskal Autonomia Erkidegoan soldatak %20 handiagoak dira Espainiar Estatuan baino. Euskal patronala Burgosekoa baino eskuzabalagoak da genetikoki? Ez dut uste.
2009an krisi madarikatu hau sortu zutenetik langile klasea sufritzen gabiltza. Langile, langabetu, pentsiodun, gazte... pobreziara kondenatu nahi gaituzte, gero eta eskubide gutxiagorekin nahi gaituzte. Eta horren aurrean guk GREBA proposatzen dugu. Zeintzuei? Ondoren hauek behintzat bai:
1. Prestazio sozialak murriztu eta pobreziara edo bazterketara kondenatzen dituzten pertsonei. Bereziki emakumezkoei, populazioerdia izanik, beste zigorra ezartzen baitzaie: murrizketa horien koltxoia izatea.
2. Langabezian daudenei, egungo politikak enplegua suntsitzen dutelako eta enplegu bat topatzeko aukerarik gabe uzten dutelako; are eta gutxiago enplegu duina. Nahiz eta emakumezko geroz eta gehiago lana “soberan” izan.
3. Gazteoi, %47,6ko langabeziako tasa dutenak. Inoiz egokien prestaturik dagoen belaunaldia beharturik dago miseriazko enpleguaren bila lehiatzeko edota atzerriratzeko.
4. Erretiroan dagoen jendeari, haiek nozitzen dute eta gobernuek erabaki izana Bankari diru publikoa emateko euren pentsioak murriztu behar direla.
5. Dendari txikiei ere, zuek ondo bai dakizute joko maltzur honetan galtzaile zaretela, denda handiak txikia jaten baitu. Gainera, zuen lanbideak ez du etorkizunik jendeak erosteko ahalmenik ez badu.
6. Orain arte geneukana lortzea zenbat kostatu den jakitun diren gurasoei. Orain dena botatzen ari dira. Gurasook oldartu behar dugu ez badugu nahi bidegabeko gizartea utzi gure seme-alabei.
7. Sektore publikoa nahiz pribatuan enplegua duen pertsona orori eta soldata eta lan baldintzatan erasotzen zaionari. Bereziki prekarietatean dagoen jendeari. Doako eta unibertsalak diren zerbitzu publikoetarako eskubidea denona da, gobernuek kolokan jartzen badute ere. Eta guztioi, jakin dezagun enplegu duina izatea ez dela pribilegioa, eskubidea baizik.
8. Hainbeste gezurrekin nazkaturik dauden ordezkari politikoei, beren lana asko behar dugu eta. Zintzotasunatik bere alderdiei eta legebiltzarretara eraman ditzaten kalearen nahia. Kalearen nahia da eremu demokratikoaren adierazpidea. Politikari hauek uko egiten diote hiritarrak esplotatzeari eta politika ulertzen dute besteon zerbitzuan denontzako bizitza duina izateko.
9. Orohar elkartasuna eta zuzentasuna hitzek zerbait esan, bihotzera iritsi eta hunkitzen direnei. Pobrezia gure inguruan egunero hazi eta horrela ezin dela duin bizi pentsatzen dutenei.
10. Behar dugun aldaketaren itxaropena galdu ez dutenei eta gizartearen aginte mobilizatuaren alde borrokatzen direnei, gauzak alda daitezen. Ustelkeriarekin nazkaturik daudenei, injustiziak ezartzen dituzten alderdi berberak kutsaturik baitaude eta. Birsortze politiko eta demokratikoa beharrezkoa dela sinesten dutenoi.
Aldez aurretik eskerrik asko denoi!
--------------------
Amagoia Lasagabaster Altube
(ELA sindikatua)
Aretxabaleta