"Emakume ez da jaiotzen, egin egiten da": nork eta zerk egin nau naizen emakumea

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Etxebarria 2023ko mar. 8a, 00:00

2006ko maiatzaren 20an jaio nintzen, eta, bai, ordutik gizarteak egunez egun emakume egin nau, baina ni mundura etorri aurretik hasi ziren nire emakumetasuna eraikitzen.

 

Jaio aurretikoak

Ez dakit zehazki nire jaioteguna baino zenbat lehenago izango zen hau, baina badakit begiak zabaldu nituen egunerako gauza asko erabakita zeudela. Inork ez zekien nire burua zein generorekin identifikatuko nuen, baina izenak, sekulako txikikeria badirudi ere, gaur egungo emakumetasunera bideratu ninduen. Horretaz gain, inguruan nituen gauzei dagokienez, dena estereotipoz josia zegoen. Gerora erabiliko nuen karroko manta arrosa, lilaz margotutako gela, panpinez beteriko ohea… Lehenengo hilabeteetarako erosita zituzten kolore argidun arropak ere bai: denak arrosak, moreak edo, asko jota, zuriak zirenak. Urdinak ez, badaezpada. Nire txupeteak ere kolore berekoak ziren, eta, gainera, lore edo tximeleten iruditxoekin. Hauek gordetzeko nituen funda moduko kaxek ere ez zuten beste kolorerik. Zer esanik ez biberoi eta ura edateko poteez, edota jaio nintzela iragarri aurretik senideek prest zeuzkaten opariez: jaioberrientzako oinetako ponpoidunak, panpinen bat edo lagunen batek puntuz eginiko loredun baberoa. Inolaz ere ez baloi edo dinosauroen itxurako jostailurik.

 

Jaio eta gero (haurtzaroa)

Esan bezala, 2006ko maiatzaren 20an jaio nintzen, eta ez dut nire jaiotza gogoratzen, baina inguruan ikusitakoetan oinarrituz, badakit nirean ere antzera jokatuko zutela. Lehenengo aldiz eskuetan hartu nindutenean "ze neska polita" esango zidaten, nire identitatea zalantzan jartzeke, nik etorkizunean sentitu nezakeenaz dudarik egiteke, harrera, ni jaio aurretik erositako estereotipoz jositako opariekin eginez. Amak bularra emango zidan eta, seguruenik, haren besoetan nintzenean bakarrik utziko nion negar egiteari. Aitak ere izango ninduen besoetan, ez dut zalantzarik, baina amaren sabelean 9 hilabetez bizi eta gero, normala da haren besoetan, agian, aitarenetan aurkitzen ez nuen babesa sentitzea. Edo, agian, hark elikatzen ninduelako neukan lotura hori harekin, edo... gizarteak, ama ere emakumetu egin duelako, haurraren zaintzaren pisurik handiena hark duela irakatsiz.

Lehenengo egunak horrelakoak izango ziren. Lehenengo hilabeteak ere bai. Gurasoekin karroan atzera eta aurrera ibiliko nintzen, seguruenik, ezagutzen ez nituen pertsona gogaikarriak behin eta berriro ni besoetan nola hartu, karroan edukiko nuen panpina nola hurbildu edo etengabe "ze polita den" nola esaten zidaten ikusten. Aita ama baino lehenago hasiko zen lanean eta amak, aldiz, amatasun baja luzeagoa izango zuen. Baina biak nire gurasoak izanik, ez zuten biek nirekin denbora pasatzeko nahia edo ni zaintzeko ardura? Dirudienez, ez. Oso txikia nintzen eta, seguruenik, konturatu ere ez nintzen egingo aitaren faltaz, baina, hein batean, ezertaz ez konturatu arren, emakumea beste ezer baino lehen ama dela edo izan beharko lukeela irakasten ari zitzaidan gizartea.

Batzuk hilabeteekin hasten dira haurtzaindegian, baina ni ez, nik 2 urte egin arte aitona-amonekin igarotzen nituen goizak, gurasoak lanetik irten arte. Baserrian bizi ziren, eta amonak, guztiontzako jatorduak egiteaz gain, baratzean eta baserrian aitonak beste egiten zuela ikusten hasi nintzen. Ez dut gogoratzen, baina, seguruenik, hain txikia nintzela, nire zaintzaz, besoetan edukitzeaz, biberoia emateaz eta abarrez arduratuko zena, batez ere, amona izango zen. Noski aitonak ere zainduko ninduela, ez dut zalantzarik, baina amonari berez irtengo zitzaion, ez naturagatik eta biologiagatik, baizik eta kulturaren eraginagatik. Nik, berriz, baserrian askatasuna neukan eta nire emakumetasunean gutxien eragin didan esparrua izan dela esatera ausartuko nintzateke, ez bainuen sekula txakurrekin jolasten ibiltzeko, ortuan lokatzez zikintzeko edo korrika alde batetik bestera nahi nuena egiten ibiltzeko oztoporik izan.

2 urte egin nituenean ikastolan hasi nintzen. Beste haur batzuekin harremanetan hasi nintzen eta lagunak ere egin nituen. Gehienak neskak. Ondo eta gaizki dagoenaren arteko irudizko lerroan dantzan aritzen nintzen, oraindik ere onartua zer zegoen eta zer ez guztiz ez bainekien. Gogoratzen dut nola egon nintzen behin zigortuta lagun bat jotzeagatik. Behin izan zen; irakasleak egindako errieta barruraino sartu zitzaidan eta ez nuen sekula errepikatu. Hala ere, gogoratzen dut nire gelako mutiko batzuk beraien artean borrokatzen zirela, eta ez behin, birritan edo hirutan. Eta bai, seguruenik, beraiei ere gaizki zegoela esango zieten, baina mutilengan ohikoagoa zela pentsatuko zutela ere ziur nago. Nik ordutik ez bainuen inor jo; beraiek, aldiz, jotzen eta borrokatzen jolasten jarraitzen zuten. Jolastorduetan ere mutilak izaten ziren futbolean jolasten aritzen zirenak. Niri ez zitzaidan inoiz futbolean jolasteko ideia burutik ere pasatu. Futbola gustuko ez nuelako, agian? Izan zitekeen, baina futbolean jolastera ere ez ninduen inork bultzatu, inork ez zidan jolastu nahi nuenik ere galdetu. Besterik gabe, banekien ez zela nire tokia. Gu, neskok, eraikuntzetan itzulipurdika ibiltzen ginen, pino egiten, trapezistak bagina bezala. Mutil laguna ere eduki nuen. Nire laguna zen eta, gainera, beste generokoa; hortaz, ingurukoen eraginaz nobio izena jarri nion. Oso ohikoa den zerbait da, Haur Hezkuntzan beti gertatzen dena. Hala ere, gizartearen isla ere bada, inork ez baitio haur bati bere genero bereko beste haur bat bikotekide duen galdetzen. Baina, beste behin ere, gizarteak bizitza bikotekidearekin hobea dela erakutsi zion 4 urteko neska hari.

Lehen Hezkuntzan hasi nintzenean, aldaketa ugari eduki nituen, eguna jolasten igarotzetik gauzak ikasten hastera pasatu nintzelako, gelan ordu luzeak eserita igarotzera. Gogoratzen dut gelako bihurrienak mutilak zirela eta txintxoenak edo ikastola serioen hartzen genuenak, neskak. Irakurtzen eta idazten lehenengo ikasi genuenak ere neskak izan ginen. Ez dut inoiz gelan nire ikaskideek zeukaten portaeraren inguruan hausnartu, eta mutilek baino lehenago irakurtzen eta idazten ikastearen kontuan ere ez, baina ez dut uste kasualitatea izango zenik. Konturatu gabe, irakasleek, nolabait, mezu hori ematen zigutelakoan nago. Neskok arduratsuak izan behar genuen, langileak, eta mutilak, berriz, ba, bueno... Oraindik oso umeak zirela eta beranduago helduko zirela.

Baina ikastola ez zen nigan eragiten zuen eragile bakarra. Ordurako telebistak ere zer esana zuen nigan. Orduak igarotzen nituen ETB3ko telesailak ikusten: Doraemon, One piece, Dragoi bola, Berebiziko espioiak… Horietan agertzen ziren neska gehienak argalak, ile luzedunak, izaeraz lotsatiak, erabakiak hartzeko tuntunak baina ikasle finak izaten ziren. Zehatz-mehatz gizartean emakumeak zeukan estereotipoa jarraitzen zuten, eta nik, gainera, beraiek bezalakoa izatea amesten nuen.

Lagunekin jolasten ginenean, bakoitzak pertsonaia bat imitatu eta haren papera egitera jolasten ginen. Inork ez zuen pertsonaia bat bere izaeragatik edo telesailean zeukan paperagatik aukeratzen, itxuraz politena zenagatik borrokatzen ginen gure artean, ea politena nor izango. Eta kontzeptu hori barneratzen hasi ginen, izaerak baino itxurak garrantzi handiagoa zuela. Berdin zuela pentsatzeko nolako gaitasuna zenuen, nolako pertsona mota zinen; gizarteak onartzen zuen itxura edukiz gero, nahikoa zela ikusi genuen.

 

Bizitako lehen aldaketak

Urteek aurrera jarraitu ahala, Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan, ikastolako talde-lanak ugaritzen hasi ziren. Eta noski, taldeak mistoak izan ohi ziren, bi neska eta bi mutil. Ez dut kasu guztiak horrelakoak zirenik esango, mutil langileak ere bazeudelako. Baina egiten genituen talde-lan gehienak, guztiak ez esatearren, neskok tiratutakoak ziren. Guk joan behar izaten genuen besteen atzetik beraien lan zatia egin zezaten, eta behin baino gehiagotan, gure lan zatiaz gain beraiena ere egiten aritzen ginen. Horrekin ez dut mutilek ezer egiten ez zutenik esan nahi, baizik eta neskoi lanaren ardura ematen zitzaigula eta, mutilek beraien lana egin ezean guk egiten genuenez, mutilei beraien lana ez egitea onartzen zitzaiela, taldeko lana bukatuta entregatzen genuen eta. Ez hori bakarrik: askotan, beraiek egindako zatia ere guk zuzendu behar izaten genuen, kalitatezkoa zen edo ez ikusteko. Bestalde, adin hartan eduki nituen lehen autoestimu krisiak. Lehen aipatu dudan bezala, politak izan behar genuela barneratuta genuen, baina kontua ez zen hor bukatzen, polita izatearekin ez baitzen nahikoa: politenak izan behar genuen. Nork sartu zigun hori buruan? Ez dakit esaten jakingo nukeen. Telebistak zati handi batean bai, film eta telesailetako protagonistak beti ederrenak izaten ziren eta. Baina etxekoek ere zer esana edukiko zuten. Arropa aukeratzeko eta janzteko orduan ez genion-eta erosotasunari begiratzen, politenari baizik, zerekin egongo ginen politen, guretako baino gehiago, ingurukoentzako. Gainera, emakumearen gorputz estereotipatuak ere tokia hartu zuen. Lagunen artean konparatzen ginen, eta lehia ere sortu zen gure artean. Ez genuen honi buruz hitz egiten, baina gure ekintzetan inbidia hori ageri zen.

Neskentzako amesgaiztoa zen hilekoaren etorrerarekin ere gizarteak hainbat mezu sartu zizkigun. Horien artean, ezkutatu beharreko zerbait zela, isilpekoa, nazkagarria, nabaritu behar ez zena. Emakumeak berez zikinak ginela barneratu zitzaigun. Hilerokoaren odolak mutilen borroken ondorio ziren zaurien odolak baino nazka gehiago ematen zuela. Bai, mutilen borroka esan dut, garai hartan haiek ziren-eta elkar joka ibiltzen zirenak. Gure haserreak ez ziren horrelakoak. Beste modu batzuetan egiten genion min elkarri, eta, gainera, irakasle guztiei neskok elkarrekiko gaiztoagoak eta pertsona okerragoak ginela entzun behar izaten genien.

Horrez gain, garai hartarako denok geunden eskolaz kanpokoetan. Kirolei dagokienez, gelako mutilen %90 zegoen futbolean; neskak, berriz, %10. Dantzarekin, aldiz, aurkakoa gertatzen zen. Nik adin hartan atletismoa egiten nuen, eta banuen nire gelan kirol bera egiten zuen mutil bat. Askotan esaten zidan guk ezer egiten ez genuela, entrenamenduak ez zirela gogorrak, eta txarrena da egia zela. Neskok entrenamenduetan ez genuen ezer egiten eta, gainera, lehiatzerik ere ez genuen. Mutilen kasuan, berriz, gogor entrenatzen ziren eta astebururo izaten zuten lehiaketa. Kexatu egiten ginen, baina, hala ere, inork ez zuen ezer egiten. Azkenean, atletismoa utzi eta saskibaloian hasi nintzen, han neskak serio hartzen baitzituzten. Hala ere, atletismoko adibideak erakutsi zidan kirolean neskok genuen garrantzia, eta ordutik jakin izan dut oso gutxi izango direla kiroletik bizitzeko aukera duten neskak. Bizitzan zehar saskibaloian ibili izan naiz, eta inoiz selekzioan ere bai, eta bertatik bizitzeko ez gogo ez aukerarik inoiz eduki ez dudan arren, etxekoek ere zenbaitetan errepikatu izan didate emakumea izanda ezingo nintzela sekula kiroletik bizi.

DBHko ibilbidean nire emakumetasuna geroz eta gehiago definitzen joan zen, geroz eta gehiago gizarteratu nintzen eta. Sare sozialen agerpenarekin batera, itxurak nolako garrantzia duen ulertu nuen, nola saldu behar garen plataforma horretan. Ondoen agertzen garen argazkiak igotzera, efektu bereziekin perfektu izateko helburuarekin edo fisikoa aldatzera bultzatu izan gaituzte. Beste batzuen gorputza ikusteak ere kalte ugari eragin dit, ezinezkoa eta erreala ez dena normalizatu eta idealizatu baitut. Nahikoa ez naizela ere pentsatu dut sarritan, horrenbeste idealizatuta dauden gorputzetara ez hurbiltzeagatik. Baina ez da kasu isolatu bat, inguruko neska guztiak ere berdin sentitu izan baitira. Bestalde, etapa hartako azken urteetan gauetan ateratzen hasi nintzenean, beste zenbait gauza ikasi nituen. Lehenengo, neskok arreglatu beharra dugula barneratu nuen. Seguru nago askok ez dutela hitz horren inguruan pentsatu, baina arreglatu hitzak konpondu esan nahi du. Neskok makillatuta geure burua zuzentzeko beharra daukagula, nahiz eta inorenak ez daukan konpontzeko premiarik. Eta, beste behin, gizarteak nola sexualizatuta ninduen ikusi ahal izan nuen. Bizitzan zerbait lortzeko erakargarria izatea zein garrantzitsua den ikusi nuen, aurpegiko edertasun hori hautsez estalita lortua bada ere. Arroparen kontua ere antzekoa da. Ohikoena armairuko arropa dotoreenekin irtetea da, eta, noski, gorputz guztia tapatu gabe, baina dena ere erakutsi gabe. Eta gizarteko inposizio harekin, desiragarria izan behar nuela ikasi nuen, eta puntu horretara iristeko derrigorra zela gizarteko arauei jarraitzea.

Ikastolari dagokionez, aurreko urteetan ikasitako arauez gain, beste zenbait ere ezagutu nituen. Notei dagokienez, gehienetan, niri eta beste neskoi gehiago exijitzen zitzaigun. Mutil batek edozein ikasgaitan bost edo sei bat ateraz gero, irakasleak zoriondu egiten zuen azterketa gainditzeagatik. Guk, ordea, zazpi-zortzitik gora behar izaten genuen arrakastarako. Baina ez zen irakasleen kontua bakarrik, etxekoena ere bai. Etxekoek ere dezente exijitzen zidaten, gelako beste neskei moduan. Mutilen kasuan, askotan, gainditzearekin pozik egoten ziren. Batxilergoa aukeratzeko momentuan ere mutilak Lanbide Heziketara bideratu zituzten, egia ez den arren, errazagotzat jotzen dira eta. Neskok, aldiz, batxilergora gidatu gintuzten.

Etxeari dagokionez, orain gurasoak banatuta dauden arren, nire bizitzako adin tarte hartan konturatu nintzen amak aitak baino askoz gehiago egiten zuela. Nire bizitzan antolakunde feministan sartzeak ireki zizkidan begiak. Eta nire etxeko egoerak behar zuen aldaketaz sarri eztabaidatu nuen gurasoekin. Haiek ere gizarte honetan heziak izan dira, eta, ondorioz, normaltzat hartzen zuten gure etxekoa. Amari irakatsi zioten lan gehienak hark egin behar zituela, eta aitari, ordez, lan horiek andreak egingo zituela. Baina edukitako eztabaida horietan etxeko egoera zuzena ez zela ulertarazi nielakoan nago, nahiz eta aldaketa askorik egon ez zen. Etxeko ohiturek irakatsi zidaten etorkizun batean etxeko lan gehienak egitea nire lana izango zela.

Batxilergoko lehenengo mailan hilabete bakarrik egin dut, eta oraindik ez nuke arau berririk barneratu dudala esango, zoritxarrez, emakume batek bizitzan ikasi beharreko gehienak dagoeneko ikasiak izango baititut.

 

Etorkizunera begira

Oraindik bizitza luzea geratzen zaidala pentsatuz, gutxi gorabehera zer eta nola biziko dudan igarri dezaket. Datorren urtean batxilergoa bukatuko dut, eta zaintza lanekin zerikusia duen lan bat egiteko aukera emango didan karrera bat ikasiko dut. Ondoren, lanean hasiko naiz. Ordurako espero dut kontratua egiteko orduan mutilei egingo zaizkien galdera berberak egitea, nire bizitza pribatuan sartu gabe. Lanerako beraiek besteko aukerak edukiko ditudala pentsatzen dut, eta esan beharrik ez dago berdin kobratzeaz. Hala ere, ziurrenik, amets hutsak izango dira. Ikasketen ondoren, mutil bat ezagutuko dut eta harekin bizitzera joango naiz. Etxeko lanez eta jatorduez ni arduratuko naiz; seguruenik, garbiketaz ere bai. Hori egitea ez dit hark eskatuko, baina hain barneratuta edukiko dudanez, seguruenik instintiboki aterako zait. Eta noski, hark ere ez dit aurkakoa proposatuko. Gerora, ezkondu eta haurdun geratuko naiz, eta bi seme-alaba edukiko ditugu, gizartean hain ondo ikusita dagoen moduan. Haurren zaintza, gehienbat, nik egingo dudalakoan nago, nire senarra beste lan mota batzuez arduratuko den bitartean. Hala ere, haurrek lehenengo abizena gizonarena edukiko dute. Jubilatuko garen eguna iritsiko da noizbait, eta ni zuzenean etxeko andre bilakatuko naiz, nire senarrak egun guztia gora begira pasatuko duen bitartean. Horrela, nekeak itota, egunen batean azken hatsa emango dut, eta honako galdera hauek formulatuko dizkiot neure buruari bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan egonda: "Eduki dudan bizitza hau nirea izan al da?". Eta pentsatu gabe, baietz erantzungo dut. Oraindik burua beste galdera baterako edukiz gero, seguruenik, noizbait emandako Filosofiako eskolez gogoratu eta honako beste galdera hau egingo diot neure buruari. "Edo gaur egungo gizarte heteropatriarkalak eraikitako bizimodu estereotipatua izan duen beste emakume zapaldu eta txotxongiloa izan naiz?". Zortea badut, erantzun baino lehen hilko naiz eta ezin izango diot neure buruari artaldeko beste ardi bat gehiago izan naizela onartu.

----------

Alaitz Etxebarria

Batxilergoko lehen mailako ikaslea Arizmendiren Gaztelupe gunean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak