Gailurra

Erabiltzailearen aurpegia Alex Labaien 2019ko urr. 4a, 08:00

Irailean izan da, New Yorken, NBEren Klimaren Gailurra, eta nahikoa saltsa ibili dute bazterretan: Trump bertaratuko ote zen, Bolsonarok zer esango ote zuen… Hura agertu zen, entzule huts; honek, berriz, ozen berba egin zuen, eta garbi: "Amazoniaren jabetza ez da negoziagarria". Nola izango da, bada! Eskatzea ere!

Izan ere, Amazonian gertatzen ari diren sute eta deforestazio etengabeei galga jarri nahian, Frantziako presidente Macronek nazioarteko estatusa aldarrikatu du Hego Amerikako oihan eremuarentzat. Logikoa, munduaren birika den aldetik denon erantzukizuna behar luke hura zaintzea. Brasilgo presidenteak, baina, ezetz, Amazonia ez dela inongo birika, eta, beraz, ez sartzeko inoren praketan, gai direla brasildarrak beren burua zaintzeko…

Bistakoa da munduko oihan eremu zabalenaren gestioa ez dela egokia –are eta txarragoa Bolsonaro boterera heldu denetik– eta neurriak hartu behar direla lehenbailehen, baina hori kontu bat da, eta beste bat Macronek proposatu duena. Akaso, Amazonia da munduko klimaren erregulatzaile bakarra?

Domekako Berria egunkarian luze eta zabal jorratu zuten gaia, eta oso argigarria egin zitzaidan Munduaren birikak izeneko infografia. Amazoniarekin batera, Kongo ibaiaren arroko edota Asia hego-ekialdeko oihanak agertzen dira. Tarteka bada ere, jaso izan dugu eremu horien galeraren berri. Ipar hemisferiora etorrita, Siberia eta Kanada-Alaskako lur aberatsen berri ere ematen zaigu. Alaska ei da sute gehien izaten den AEBetako estatua; Siberian, udan, Belgikaren tamainako eremu bat erre ei zen. Bazenekiten? Eskatu du inork lurralde horien estatusa nazioartekotzea?

Kasualitate ala kausalitate?

New Yorken ez zen izan, baina gailurra jo zuen benetan Maialen Arzallusek Euskadi Irratiko Faktoria saioko zutabe musikatuan: Egun bat gutxiago. Entzuizue!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak