Diruaren hotsa...

Erabiltzailearen aurpegia Alex Labaien 2016ko urt. 22a, 14:12

Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa…

Hala dio aspaldiko kantuak, txin-txin egiten duela diruak. Askotan entzun dut, baina zalantza piztu zait. Hiztegian begiratu, eta han ere berdin. Ez dakit, bada, ados nagoen. Ez, ez nago batere ados. Eguneratu egin beharko lituzkete hiztegiak. Gaur egun, diruak ez du txin-txin egiten; dirudunek egiten dute txin-txin, xanpainarekin, eta gainerakoon kontura. Diruak danba egiten du, tiro! 

Gure irakasle ohi Iñaki Mendigurenek 2009an Argia-n idatzitako artikulu bati esker (http://www.argia.eus/argia-astekaria/2176/shock-doktrina) ezagutu nituen Naomi Klein kanadiar idazlea eta haren Shock doktrina liburua. Krisiaren lehen urteak ziren, eta orduan zail zen antzematen zenbateraino kolpatuko gintuen. Iñakik, baina  –Kleinek liburuan esaten dituenak aintzat hartuta– ohartarazten gintuen: "… komeni da azti ibiltzea, giro berezi honetaz baliatuz, berriro ere Chicago Boys-en errezeta ozpinak irentsi beharrik izan ez dezagun…". Eskerrak ohartarazita geunden, bestela… 

Liburua mardul samarra da, eta bost urte eman ditu gure etxeko salako apalategian; hantxe, kieto! Badakizue, liburu guztiak ez dira erosten leitzeko: funtzio dekoratiboa ere oso kontuan hartzekoa da…  Azkenean, baina, heldu nion, eta merezi izan zuen, bai horixe. 

Hura leitzen niharduela hasi nintzen garbi ikusten diruaren hotsari zegokion onomatopeia jada ez zela gure kantu herrikoian datorrena; ez guretako, behintzat. Gaurko munduan, kanoikada, leherketa eta tiroen hotsa du diruak –baita sufrimendu eta minarena ere–, eta, bitxia bada ere, diruak beste inork ezin ditu hotsok isilarazi.

Zapatuko egunkarian irakurri nuen Iranek eta Estatu Batuek (bake?) akordioa sinatu dutela: auzi nuklearra itxitzat joko dute, eta presoak trukatuko…  Ondo, pozgarria. Dena den, ez da harrigarria atzo goizera arte "gaizkiaren ordezkari gorena" zena egun batetik bestera "lagun" bihurtu izana?

Gauzak argiago ikusi ditut martitzeneko Berria-n euskal politikari baten adierazpenak irakurri ditudanean: "Euskal enpresentzat aukerak irekiko dira Iranen…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak