Sobietar Iraultzak, 100 urte

Erabiltzailearen aurpegia Alberto Kabiketa 2017ko urr. 20a, 00:00

Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta, Alternatiba erakundeak mundua aldatuko zuen gertaera haren gaineko ekitaldia antolatu du.

Hain zuzen ere, Octubre (Serguei Eisenstein, 1927) filma proiektatuko da, eta, horren ondoren, ikusleen arteko foruma zabalduko dugu.

Ekitaldi hori urriaren 25ean izango da, Jai Zale elkartean, arratsaldeko sei eta erdietan, Arrasaten.

Izan ere, esan bezala, Errusiako Iraultzak munduaren historia aldatu zuen goitik behera, eta, jendartearen aldaketarako bidean eta mundu justuago baten bila, ezkerreko jendearendako erreferentzia eta ikasbide bihurtu zen hura. 

Bada, XIX. mendean izandako askatasunaren aldeko iraultzen ondorengoa dugu. 

Parisko komunaren (1871) esperientzia, adibide bat jartzearren. 

Iraultza sozialisten lehertzearen zergatiak eta garapenak eztabaidagai izan dira beti ezkerrean baitan.

Errusiako Iraultzaren beraren lehenengo faseak eta geroago Sobiet Batasunak Stalinen gidaritzapean izandako garapen odoltsuak, kritikarien hilketekin eta errepresioaren aurrean, ezker mugimenduaren baitan eztabaida luzeak eragin zituen eta zatiketen eragile ere izan zen.

Geroago, beste iraultza batzuk etorri ziren; Kubakoa eta Nikaraguakoa, esate baterako. 

Horien guztien helburua zen boterea hartzea armen bidez, horiek eta hamaika eztabaida-bide zabaldu izan dituztenak. 

XXI. mendean, aldiz, eta, batez ere, Venezuelako Iraultza Bolibarianoaren esperientziatik abiatuta, boterera heltzeko eta sozialismoaren ideietan oinarritutako jendarte baten antolaketa ereduaren eboluzioa gertatuko da, gogoeta berriak edo berrituak ekarriz. 

XXI. Mendeko Sozialismoa bezala ezaguna egin den gogoeta-bidea, hain zuzen, iraultza eredu berri horri oinarri sendoa emateko asmoz azaldu zen.

Sobietar Iraultza lehertu zenetik gaur egungo iraultzetara 100 urteko tarte historikoa joan da. 

Octubre filmaren aitzakiarekin, Alternatiba erakundetik, jendarte berri baterako bide horretaz gogoeta egitea proposatzen dugu, jendarte justuagoa, askeagoa eta pertsonen berdintasunean oinarritua lor dezagun.

----------

Alberto Kabiketa

Alternatibako kidea  

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak