Gogoratu gure herria nola zegoen lehen eta begiratu orain. Esan egia: ez al zaizu iruditzen Arrasatek aurrera egin duela?
Begira dezagun kultura arloa. Gure herrian tradizioa du musikak eta hor geneukan musika eskola. Baina haren aldean, oraingoa Arrasateren neurriko musika eskola da, arrasatearrok behar duguna. Aitzindaria izandako Aprendices eskola ederki erabiltzeko aukera izango dugu, eta eraikin paregabea musikaz gozatzeko.
Begira dezagun Ekobulebarrera ere. Ez zaigu ahazten Garibai etorbidean nola ibiltzen ziren autobusak eta autoak gora eta behera, etengabe. Alde ederrean ibiltzen dira haurrak eta gurasoak Biteri parkean, lasai eta eroso. Arrasaten aurrera egin dugu segurtasunean.
Trafikoaren antolaketa ere hobeto dago orain Arrasaten. TAO/OTA lagungarria ari zaigun gertatzen, sistemaren hasierako akatsak konponduta; eta gauza gehiago egokitu behar izanez gero, egokituko ditugu. Batzuetan aldaketak ez dira nahi bezain azkar egin ahal izaten. Ahaleginduko gara alferrikako trabak non dauden antzematen eta gainditzen.
Gogoan dut zein narrasturik hartu genuen Arrasate eta zein arrastaka zebiltzan hainbat arlo orain lau urte, edo, nahiago bada, orain zortzi urte. Gogotik heldu genion lanari Arrasate bizi eta argiagoa egiteko. Denbora galdu gabe ekin genion, gure herria garbi, antolatu eta seguruagoa izateko. Hobeto dago Arrasate, ez daukat zalantzarik.
Zerrenda luzea egin dezaket eragin ditugun aldaketen inguruan. Nahiago nuke, ordea, zeuk osatuko bazenu urteotako emaitzen zerrenda. Poztuko nintzateke. Izan ere, bidelagun nahi zaitugu Arrasatek orain ere aurrera egiteko.