"Lasai, ez da ezer gertatzen" entzun ondoren, gure emozioak nahastu egin daitezke. Baina aurrean dugun horrek ziur bere animo positibo gehiengoarekin esan digula esandakoa; ez diezaiogun aurpegi txarrez erantzun. Posible bada, noski!
Bakoitzak bere bizipenak bere modura bizi ditu, eta bai, "normala" da mota honetako esaldiak esan eta entzutea, baina, batzuetan, momentuaren arabera, agian, ez da esaldi egokiena.
Agian, besarkada isil batek gehiago lagunduko liguke bizi dugun egoera baten aurrean. Baina beste ezer esateko hitzik aurkitu ez badu?
Izan gaitezen flexibleagoak eta jar gaitezen bestearen egoeran balorazio bat egin aurretik.
Benetan aurrean dugun pertsona ezagutzen badugu jakingo dugu bihotz onez esan digula esan beharrekoa. Ahal izan duen modu onenean erantzun ahal izan digu aurrean dugun pertsonak. Zuk zer esango zenuke, ba? Eta beste zerbait esango bazenu, zergatik ez duzu esaten? Zergatik ez diogu aurrean dugun pertsona horri nahi dugun hori eskatzen? Asmatu egin behar al du?
Lagun diezaiogun elkarri eta egin dezagun bizitza errazagoa. Baliteke, agian, guk geuk konplikatzea egunero. Edo ez!
Ez dadila orain inor nirekin haserretu; azken finean, ez da ezer gertatzen, edo bai?