Uztailetik irailera udako merkealdia izaten dugu. Orain dela urte batzuk horrela zen, baina gaur egun, merkealdia ia urte osoan disfruta dezakegu. Lehen, garai ofiziala zegoen eta horrela errespetatzen ziren datak, baina urte batzuk badira probintzia bakoitzak nahi duenean has eta buka dezakeena merkealdia. Data edo hilabete batzuk errespetatzen dira, baina legea aldatuta erkidego bakoitzak erabaki dezake data ofiziala zein den. Gaur egun kamuflatutako merkealdia dugu, baina merkealdia, azken baten.
Merkealdi hitzari beste gertuko izen batzuk ere jarri dizkiogu: prezio bereziak, eskaintza puntualak… baina helburuak bakarra izaten jarraitzen du, hasierako balio bat jaitsi jendearen interesa pizteko.
Non gelditzen dira merkealdiko emozioak? Erosketa osasuntsuagoak egiten ditugu? Ala urte osoan erosten gabiltza mundu materialean topean sartuta?
Gogoan dut Arrasaten dagoen denda ezagun batean merkealdiko lehen eguneko goizean ilara luzeak izaten zirela egoera notizia bihurtuz! Kalean zurrumurrua nabarmentzen zen egun batzuk lehenago egun horren inguruan. Zelako garaia!
Hori guztia galtzen goaz. Zenbait kasutan, merkealdiko grina eta emozioak mantentzen dira, baina dauden eskaintzazko webguneak edota edozein komertziotan aurki ditzakegun eguneroko eskaintza bereziak ere baditugu eta honek merkealdiak sortzen zizkigun ilusio eta buruhauste pozgarriak itzali dizkigu.
Erosteko modua ere aldatu da. Lehen, komertziora fisikoki joan beharra genuen, baina gaur egun, dena edota ia dena Internet bidez eros dezakegu, eta merkeago! Giza baliabide gutxiago behar ditugu, eta honetan ere aurrezten gabiltza. Nik uste dut oso onak ez diren aldaketetan gabiltzala, aurrezte horietan ez gara konturatzen langabeziaren zenbakia zenbat sendotzen ari garen. Hori bai gizakiarentzat sekulako merkealdia hori!