Mendebaldeko Saharako gatazkaren hilabete gogorrenetakoa otsaila da, eta, ondorioz, Inauterietako poz eta algarak tristuran murgiltzen dira.
2013ko otsailaren 27an, 37 urte bete dira Saharar Errepublikar Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik sahararrek. 37 urte luze daramatzate borrokan beraien askatasunagatik, beraien oinarrizko eskubide bategatik borrokan. 37 urte daramatzate Mendebaldeko Saharan bortxaketak, atxiloketa arbitrarioak, desagerpenak… sufritzen. Ez bakarrik helduak, ez bakarrik emakumezkoak, ez bakarrik haurrak, denak! Mendebaldeko Saharan, sahararren askatasuna aldarrikatzen duen edonork sufri ditzake horrelako ondorioak.
Aurten otsaila hil beltzagoa izan da. Otsailaren 17an, Marokok orain dela bi urte Mendebaldeko Saharako Aaiun hirian gertatutako Gdeim Izikeko istiluen ondorioz atxilotutako 24 sahararren epaiketa sententzia kaleratu zuen. 20 urte baino gehiagoko kartzela zigorra eta 8 gazteri bizi osoko kartzela zigorra.
Gdeim Izikeko kanpamentua helburu bakarrarekin jaio zen: herri sahararraren askapena eta eskubideen aldarrikapena eskatzea. Sahararrek duten eskubidea aldarrikatzeko besterik ez. Marokoko poliziek, berriz ere, kanpamentuan indarrez sartu eta kanpamentua bota zuten. Bertan gertatutako istiluen ondorioz Marokoko poliziak sahararrak atxilotu zituen hauen aurkako inolako frogarik izan gabe. Nola liteke epaiketa bat egotea epaituak direnenganako baliozko frogarik ez badute? Nola liteke epaiketa militarra jasotzea zibilak diren gazteek? Nola liteke inork ezer ez esatea? Non dago Espainia bere erantzukizunari erantzunez? Sententzia honen aurrean non daude Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Nazio Batuak…? Non daude hitzez sahararrak horrenbeste defendatzen dituztenak, baina ekintzaz ezer egiten ez dutenak?
Nik gutxi egin dezaket, baina gogor salatzen dut egoera, eta indarrez, garrasika, diot: aski da! Sahara askatu!