Zeintzuk dira aukerak?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Zubizarreta 2015ko aza. 20a, 00:00

Ondo dakigun moduan, azaroaren 29an galdeketa bat dugu Eskoriatzan.

Baina zeintzuk dira eskaintzen zaizkigun aukerak? Norberak aukeraketa egokiena egin dezan, benetako informazioa zabaltzea beharrezkoa da, eta hori da egin ez dena. Lerro hauek idazteko orduan, galdeketarako 11 egun falta direnean, oraindik ez dakigu zer dagoen aukeran ditugun proposamenen atzean. 

Zertan datzan garbi daukagun aukera bakarra egun martxan dagoena da, banakako edukiontzien bidezko bilketa, atez atekoa. Birziklatze tasa bikainak ahalbidetu dituena, %80 inguruko bilketa tasekin, gure eskualdea Europan praktika onen adibide bezala jarri duena, Greenpeace bezalako erakunde ekologista ezagunak txalotzen duena eta, nork bere etxean egiten duen bereizte lan onaren ondorioz, biltzen den gaikako hondakinen kalitaterik onena lortzen duena, honek dakartzan diru sarrerekin.

Baina, beste bi aukerak? Ezartzekotan nola garatuko litzateke gure herrian? 

Edukiontzi kolektibo eta banakoen –sistema mistoa deritzona– bidezko bilketa sistema nola ezarriko lukete gure herrian? Bergaran bezala, atez ate organikoa eta errefusa bilduz eta edukiontzi kolektiboen bidez papera, ontzi arinak, beira eta arropa? Edo, Ormaiztegin bezala, atez ate errefusa, organiko gehiena konpostaren bidez eta 4 edukiontzitan beira, papera, ontzi arinak eta organikoa? Bi eredu hauetan gertatzen den bezala, jarraipen egokia eginez, lortu daitezkeen bilketa tasak onak izan daitezke, arazoa sailkaturiko hondakinen kalitatean egon liteke.

Eta edukiontzi kolektiboen –5. edukiontzia deritzona– bidezko sistemaren atzean? Zer jarriko dira, kontrolik gabeko 5 edukiontzi? Edo, Arrasaten dagoen bezala, errefusa eta organikoa biltzeko edukiontziak txip batekin kontrolatuko dira? Jarraipena egingo da edukiontzi horietara zer botatzen den aztertzeko? Honek esan nahi du nork bere etxean, bai ala bai, orain arteko bereizketa egiten jarraitu behar duela? 

Galdera gehiegi eta erantzun gutxiegi!

----------

Aitor Zubizarreta

(Eskoriatzako EH Bilduren izenean)

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak