Betetzear da mende erdia tren horrek ibiltzeari utzi zionetik, gaur Oñatin bizi garen gehienok martxan egon zela imajinatzea ere ia ezinezkoa egiten zaigun trena. Ordutik errepidez egiten dira Oñatin joan-etorriak eta hortik dator zutabearen izenburua. Hirien ezaugarri aipagarrienetakoa semaforoak dira, eta hor bai, hor hiriaren itxura hartzen ari da Oñati, semaforoak ugaritzen ari direlako. Ondorioz, errepidean itxaronaldi gehiago eta geroz eta leku gutxiagotara eramaten gaituzten autobusek arazo gehiago orduan ailegatzeko. Baina trenik ez, ez Oñatin eta ezta Debagoienean ere. Trenbidea bai, ari dira eraikitzen, baina tren geltokirik ez. Deskarga eta Bergara arteko autobidea bukatutakoan, gipuzkoar guztiek etxetik 15 kilometro baino gutxiagotara edukiko omen dugu autopista edo autobideren bat. Eta tren geltokiak? Etxetik zenbat kilometrotara geratzen zaizkigu Debagoienean bizi garenoi? Askok diote trena etorkizuna dela, etorkizun horrekin bat egiteko Debagoienean ere ez ote genuke trena behar? Ameskeriak izango dira.