Hainbat urtetan euskaltzale batzuk ere hala uste izan dugu eta hezkuntzan ipini dugu geure fede eta indarra. Urtetako debeku eta zapalkuntzaren ondotik, egun eskolak euskara ikasteko leku aproposak dira eta hara bidali ditugu haurrak, D eredura, ikasi eta euskaraz egingo dutelakoan, ezinbestean.
Denborak, baina, bestela erakutsi digu. Eskolak eta ezagutzak ez dira nahikoa izaten ari euskarak eguneroko bizitzan lekua bereganatu dezan. Kaleak, parkeak… euskara jakin baina erabiltzen ez dutenez bete ditugu. Zer behar da orain, eskola eta ikastoletan ikasitakoa, praktikan jar dezaten? Ez al genuke, behintzat, eredu izaten saiatu behar?
Ezer ez zekiela, besterik ez omen zekien Sokratesek. Guk ere askoz gehiago jakin ez arren, hobe zerbait asmatu, bestela euskarak jai du eta!