Borboien berrezarkuntza Canovas del Castilloren eskutik gertatu zen, Alfontso XII.aren sarreratik (1874) Alfontso XIII.a arte (1923). Miguel Primo de Rivera iritsi arte iraun zuen eta bere diktadura ezarri, erregearen oniritziarekin. Izan ere, hark izendatu zuen Gobernuaren buru eta Direktorio Militarraren presidente.
Primo de Riverak bere hitzaldietako batean zera zioen: "Espainiako gaitzaren muina barruraino sartuta dago. Nekazarien jauntxokerian dago, eta gure ahaleginak hori errotik ateratzera bideratu behar ditugu. Hauteskundeetara berriz deitu aurretik, erakunde politikoek osatutako tresna guztia suntsitzen saiatuko gara".
Horregatik guztiagatik, eta Administrazioa berritu nahian, irailaren 30eko Errege Dekretu baten bidez udalak desegin zituen, eta zinegotzien ordez militarraren agintaritzapean zeuden batzordekideak jarri. Aretxabaletan, honako hauek ziren zinegotzi: Eustaquio Alcorta (alkatea), Andres Izaguirre, Jose Maria Acha, Timoteo Echavarria, Bernardo Zubizarreta, Pablo Galdos, Felis Echabe eta Francisco Uribe Echavarria.
Udalbatza berria
1923ko urriaren 2an, Ceferino Diez Franco –Guardia Zibileko sarjentu eta Arrasateko komandantea– presidente zela, Errege Dekretua irakurri zen, eta behin Udala desegitea aginduta, Udal Batzordeko bazkideak izendatu ziren zinegotzi. Honako hauek izan ziren izendatuak: Donato Larrañaga, Gregorio Idigoras, Jose Garay, Donato Echeverria, Pedro Zubizarreta, Leocadio Arana, Pedro Ugalde, Francisco Abasolo eta Jose Andres Galdos. Hautagaien artean bozketa eginda, hala banatu zituzten karguak; alkatea: Pedro Zubizarreta Mugica; lehenengo alkate-ordea: Donato Larrañaga; bigarren alkate-ordea: Jose Garay Vergara; eta sindikoa: Jose Andres Galdos Urrutia.
Ignacio Usandizaga idazkariak Udal kontuak azaldu zituen 1.342,93 pezetako gerakinaren berri emanez.