Eguzki-energia Arrasaten: bai, baina eraikinaren arabera?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Antxia 2021ko mar. 13a, 00:00

2020ko azaroan aztertu genuen gure etxean – Altamira baserria– plaka fotovoltaikoak ipintzearen ideia. Proiektua prestatu eta tramitazioak burutzen hasi ginen. Horietako bat Udalaren baimena lortzea da, eta, gure harridurarako, Arrasateko Udalak ezezkoa eman zion gure proiektuari. Zer dela eta?

Egun indarrean dagoen Arrasateko udalerrian eguzki-energia biltzeko sistemak instalatzea arautzen duen ordenantza-n 12. artikuluak dioenez, ez da onargarria Udalerriko Egitamu Orokorrean baserri bezala katalogatuta dagoen eraikin nagusian eguzkia hartzeko sistema fotovoltaikoa jartzea. Eraikin horietan eguzkia hartzeko sistema termikoak bakarrik ezarri ahal izango dira. Ordenantzaren azalpenean jasotzen denez, ez dela joan behar hiri eta landa paisaien kaltetan… elkartu nahi ditugu instalazioak jartzea eta paisaiari egindako eragina zaintzea edo gutxitzea.

Honen aurrean, araua guztiz diskriminatzailea dela iruditzen zaigu: etxebizitzaren arabera eskubide desberdinak daude. Baserrian bizi garenok ez ditugu arlo honetan kalean bizi direnen aukera berdinak. Paisaiari dagokionez, zer diferentzia dago plaka termikoen eta fotovoltaikoen artean?

Aurkeztutako errekurtsoan, goian aipaturiko arrazoiez gain, eskaera bat egin genion Udalari: ordenantzaren artikulu hori berraztertzea eta aldatzea, denon eskubideak bermatu ahal izateko.

Hau guztia Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasuneko zinegotziari, Ibon Arrupe jaunari, ere adierazi genion. Adi entzun zituen gure arrazoiak eta Udalean gaia planteatuko zuela adierazi zigun. Udaletik jaso dugun erantzunean esaten dute: Errekurtsogileak adierazitakoa aztertu beharko da, badagokio, etorkizunean ordenantza berrikusiko denean. Udalari eskatzen diogu berrazterketa hau ahalik eta lasterren egiteko.

Baserriek bizirik jarraituko dute bertan pertsonak bizi direlako, eta erakunde publikoen zeregina eraikin eta inguru horiek bizirik mantentzen dituzten pertsonak laguntzea da.

----------

Aitor Antxia

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak