Ziurrenik, ez naiz ezusteko bat baino gehiago hartu duen bakarra izango pandemia aurretik ezagutzen ez nuen ikasle edo irakasle batek, arrazoi desberdinengatik, musukoa jaitsi eta nire begien aurrean haren aurpegi osoa ikusi dudanean. Ikusgarria da nola eraikitzen duen gure irudimenak musukoak estaltzen duen aurpegiaren zatia.
Antzekoa gertatzen zaigu irrati esatariekin. Entzuten dugun ahots horren aurpegia ezagutzea suertatzen denean, sarritan ez dugu asmatzen. Nik ez, behintzat.
Azken finean, zentzumenak aktibatzen ditugunean, gure irudimenari bidea egiten uzten diogu. Eta bide egokia aukeratu ez dugula konturatzerakoan ez zaigu batere kostatzen bidegurutzean bidea aldatzea, begirada berriak sortuz.
Baina zer gertatzen zaigu elkarrekin egin behar dugun bidean gure desberdina den norbaitekin topo egiten dugunean?
Eguneroko presak gure begirada finko mantentzera bultzatzen gaitu, bizi garen konfort-zonatik atera gabe, bidegurutzean geratu eta ziurgabetasunak eskaintzen dizkigun aukera berrietara sartzeko saiakerak alboratuz.
Pandemiak erakutsi digu bizitza egun batetik bestera alda daitekeela. Baina orain badakigu ere askoz zailagoa dela pertsonen ohiturak aldatzea. Eta, egia esan, begirada hiru dimentsiotara zabaltzeak gu geu eta ingurukoak hobeto zaintzera eraman ahal gaitu.
Musukoak pertsonen begiei ematen dien protagonismoa dela eta, begietara so egiteko garaiak dira.
Hainbat ikasle eta irakas kideren aurpegi osoak ezagutu gabe amaitu dugun ikasturte honetan, aukera ezin hobea izan dugu ere gure bihotzek eta garunek eskaintzen dizkiguten tresna interesgarri eta eraginkorretan trebatu eta sakontzeko.