Euskaraldiak euskarari ematen dion bultzadari Irulegiko izkribuaren inpaktua gehitu zaio. Askotan, euskararen mundua ahozkoarekin lotzen dugu; normala da. Ahozko euskara era naturalean ailegatu zaigu; belaunaldiz belaunaldi sortutako transmisioaren azken katebegi gara gu. Euskara idatziak, aldiz, oso presentzia urria izan du historian zehar; artxibo eta liburutegietan egunero-egunero konprobatzen dugu hori. Arrazoi asko izan dira horren atzetik: hezkuntzaren barruan zuen presentzia mugatuak, balio legalik ezak… mugatu dute balizko garapen bat. Gaur egun, arrazoi horiek indarra galdu dute eta ez dago arrazoirik euskaraz ez idazteko.
Hizkuntzak, ahozkoaz gain, idatzitakoa ere behar du. Ez bakarrik hizkuntzarengatik; memoriak eta historiak ere idatzizkoa behar dute. Irulegiko Eskuak erakusten digu aspaldi-aspalditik euskararen eremua idatziarena ere badela. Egin dezagun zerbait gaur egun ere: ahobizi eta belarriprest zaren bezala, luma-arin behar zaitugu.