Gure seme-alabak zein ikasleak buru-belarri dabiltza jada egunerokoak diren ordutegi, ikasgai, eskolaz kanpoko ekintza eta baita egunerokoak diren pertsonekin ere: gurasoak, anai-arrebak, lagun taldeak, tutore zein irakasleak, besteak beste. Tartean, hainbat aldaketa jasan dituzte ikasturte hasierarekin bat.
Iraileko antolamenduak atzean utzi eta egin beharreko aldaketa guztiak gure egunerokoan txertatzea lortu dugu, puzzle baten parte izango balira bezala. Baina oraindik gogoan dugu –nik, behintzat, bai– aldaketa horiek guztiek dakartzaten ardura eta tentsio uneak, familia zein eskoletan dakarten ahalegin mental, emozional eta, kasu batzuetan, baita fisikoa ere. Hain zuzen ere, adituen arabera, aldaketa biopsikosozialak gertatzen dira prozesu horietan.
Aldaketa horiek guztiak igarobideak dira. Eta guztion bizitzetan –ume, guraso, irakasle, langile…– gertatzen badira ere, gaur, Bergarako eta Oñatiko euskal eskola publikoek eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean ikertu dituztenei buruz idaztera nator: eskoletan gertatzen diren igarobideak.
Igarobideak egoera batetik besterako aldaketa prozesuak dira. Eskoletan hainbat igarobide gertatzen dira: batzuk une puntualetara mugatuak daude. Adibidez, etapa aldaketetara; eta beste batzuk, ordea, etenik gabekoak eta orokorragoak dira.
Hori horrela, nabarmen egiten zaigu Debagoieneko Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetako ikasleak aldaketa prozesu konplexuetan murgilduta bizi direla, eta aldaketa horietara moldatzeko esfortzu handia egin behar dutela, sarri. Besteak beste, maila, ziklo zein etapa aldaketak, lagun talde aldaketak, tutore zein irakasle aldaketak, ikastetxe aldaketa edota herriz aldatu beharra bizi dute. Momentu horiek guztiak jakinezarekin, tentsioarekin, beldurrarekin eta konfiantza faltarekin bizi ditzakete gure seme-alabek zein ikasleok.
Horregatik, igarobideen garrantziez ohartuta, eta eskoletan prozesu horiei behar besteko garrantzirik ematen ez zaielakoan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Oñatiko eta Bergarako eskola publikoekin batera, prozesu parte-hartzailea jarri zuen abian duela bi ikasturte: Guztion ahotsa proiektua, igarobideak ikertzeko eta hobetzeko asmoz eskola inklusiboaren bidetik. Bertan, elkarlanean eta Mondragon Unibertsitateko adituen eskutik, Bergarako San Martin Herri Eskola eta Ipintza Institutua eta Oñatiko Errekalde Herri Eskola eta Oñatiko Institutua aritu izan dira. Hainbat saio presentzial izan dituzte bi ikasturtetan zehar, eta ondoren, beraien eskoletan, igarobideak ikertu, landu eta esku-hartzeak txertatuz joan dira.
Irailaren 5ean, Guztion ahotsa proiektuaren jardunaldia entzuteko aukera izan nuen MUk Eskoriatzan duen campusean. Igarobideak parte-hartze kultura eta garapen komunitarioaren norabidean izeneko jardunaldia gainontzeko eskolei irekia izan zen, eta bertan aurkeztu ziren egitasmoaren lehenengo emaitzak.
Bergarako eta Oñatiko ikastetxeen ordezkariek adierazi zuten bezala, lehen ikasturtean, eskolako komunitatea osatzen duten pertsona guztien ahotsak jaso eta igarobideak nola ikusten zituzten aztertu zuten: indarguneak, ahulguneak, prozesuarekiko beldurrak, premiak... Diagnostikoa egin ondoren, prozesuaren hobekuntzarako ekintza-plana diseinatu zuten. Bigarren ikasturtean, aldiz, ekintza-plana abian jarri eta ebaluatzeko aukera izan zuten, hobekuntzak eta doikuntzak eginda.
Aho batez, aipatutako eskola publikoek bat egin zuten proiektuaren onurak aztertzean. Besteak beste, aldaketekin lasaiago eta hurbilago sentitzen dira ikasleak zein familiak, hezkuntza ibilbide seguruak eta finkoagoak antolatzen dituzte, tutoreek ikastalde berriak ezagutzeko aukera dute eta hezkuntza komunitateetan konfiantza zabaltzen da.
Hori horrela, hauxe datorkit gogora: Maite ditut maite gure bazterrak… Jakin badakit, bai, Joxean Artzeren hitzak Mikel Laboaren kantuan gure Euskal Herri maitearekin lotzen ditugula euskaldunok. Baina bada abestiaren amaieran hausnarketa sakonagoa: azken finean, maite ditugun bazter horiek norberaren barruko bazterrak dira. Eta barruko bazterrek zerikusi zuzena dute kanpoan murgiltzen garen bazterrekin.
Ezinbestekoa da gure seme-alabek eta ikasleek beraienak diren kanpo zein barne bazterrak maitatzea, eta, horretarako, etxean, eskolan eta gizartean seguru, konfiantzaz eta babestuta sentitzea, norbera izateko aukera eta baimena izanda.
Nik, behintzat, abestiak dioen bezala, norberaren bazterrak maitatzea errazago sentitzen dut elkar ezagutzan, elkarren arteko begirunean eta elkarrekintzan guztion igarobideak zainduz; bereziki, ume eta gazteenak.
Beren igarobideak zaintzen baditugu, euren kanpo zein barruko bazterrak maitatzen laguntzen diegu, pertsona oso ikusten baititugu, ez soilik ikasle.
Eta pozez esan dezaket horretan badabilela bikain eta tinko Debagoieneko Euskal Eskola Publikoa! Gurekin bizi dituzten igarobideetan gure seme-alabak eta ikasleak geroz eta begiratuago, seguruago eta konfiantza handiagoz sentiarazten ditugu, duten kanpo ingurunearekiko zein haien baitarekiko. Begirunerik gabe, nola, bestela, maitatu norberaren kanpo eta barruko gure bazterrak?