Izan ere, 1975etik, burdinbidetik isolatua dagoen Gipuzkoako eskualde bakarra gara. Debagoienean garraio publikoaz hitz egitea autobusaz hitz egitea da; ez daukagu beste aukerarik. Hamarkada luzeetan zehar zenbait instituzioren partetik ahanzturan eroriak garen bitartean, gure herriak bakartuak izan dira eta, aldi berean, gure beharrak asetzen ez dituen AHTa da kudeatzaile onen inbertsio nagusia Mugikortasun Sailean. Gainera, Diputaziotik gure eskualdeko garraio publikoaren arazoei konponbidea eman dietela sinetsarazi nahi digute, baina autobus zerbitzuak penagarria izaten jarraitzen du: konexio, irisgarritasun, segurtasun... arazoak gure egunerokotasuna dira.
Larrialdi klimatiko baten erdian, ibilgailu pribatuarekiko dependentzia handia sortu eta erregai fosilen kontsumo neurrigabea erreproduzitzen duen mugikortasun ereduaren aurrean urgentziazko neurriak hartu behar dira. Zeren, zer leku du trantsizio ekosozialak gurean? Krisi klimatikoak zer bilakaera izango du eta zelan egongo gara hemendik hamar urtera? Benetan ikaratzen gaitu etorkizunak; hau da, ziurgabetasunak.
Beraz, gazteok ibilgailu pribatua ez den egiazko alternatiba irisgarri eta jasangarriagoak behar ditugu. Autobus zerbitzu publikoen, kalitatezkoen eta duinen aldeko apustuak inpaktu esanguratsua izan dezake ingurumenaren jasangarritasunean eta gazteon bizitzetan. Hau da, garraio publiko sistema eraginkor batekin, ibilgailu pribatuaren erabilera zuzenean murriztuko da. Horrek trafikoaren pilaketa eta, beraz, karbonoaren aztarna gutxitzeaz gain, belaunaldi berriok mugikortasun ohitura jasangarriagoak hartzera bultzatuko gintuzke. Horrela, larrialdi klimatikoarekiko erantzukizunez jokatu eta kultura aldaketa sustatuko litzateke. Gainera, espazio publikoen duintzeak sen komunitarioa indartzeko aukera gehiago ematen dizkigu kapitalak gazteon atomizazioa bilatzeko sustatzen dituen balio indibidualisten aurrean.
Garraioa gazteen, langileen eta herritarron mesedetara egoteak, besteak beste, instituzioei arduraz jokatzea eta gazteon hitza aintzat hartzea eskatzen du, benetan garraioa etorkizun jasangarri eta inklusibo baten zutabe izan dadin.
---------
Aimar Anduaga Garai
Oñat