Eskolen finantzabideak

Erabiltzailearen aurpegia Aitzol Illarramendi 2018ko mai. 11a, 07:43

2018-04-27ko Puntua-n aukera eman zitzaion iritzia eman zezan Arizmendi Ikastolako zuzendariari. Hezkuntza sistemaren finantzabidea izan zuen aztergai, zifra eta datu andanarekin. Artikuluan, itunpeko eskola pribatuen alde egiten du, noski, baina horretarako etengabe ipintzen du zalantzan eskola publikoetako kudeaketa, eta puntu batzuk argitu beharra ikusten dugu.

Hasteko, Euskal Eskola Publikoak finantzabide eskasa duenik ukatzen du, azken 10 urteetan jasandako murrizketak aintzat hartu gabe. Laburpen gisa, jakizue hezkuntza inbertsio publikoa Barne Produktu Gordinaren %4,3 izatetik %3,5 izatera pasa dela. Horri aurre egiteko izan dira azkenaldiko mobilizazioak, gurasook ere babestu ditugunak.

Harrituta utzi gaitu, era berean, eskola pribatuetako irakasleen soldata hainbeste aipatzeak: sare pribatuan azken 10 urteetan lan hitzarmenik sinatu ez bada, ez da izan langile publikoen eskaerengatik, patronalaren jarreraren erruz baizik.

Bestalde, ikasleak %50ean banatuta daudenez, diru kontuek ere hala behar luketela dio, baina, gure ustez, diru publikoarekin kudeaketa publikoko erakundeak hobetsi behar dira, beti; dela osasungintzan, dela administrazioan, dela hezkuntzan. Gobernuak diru berdina inbertituko balu Quiron-en eta Osakidetzan, zerbait gaizki egiten ari delako seinale, ez da hala?

Beste gai batzuk ere iluntzen ditu artikuluan. Adibidez, esaten du itunpeko eskolek finantzabide handiagoa behar dutela orain, gizartebeharrizan handiagoko ikasleak artatzeko, baina esatea ahaztu zaio gaur arte ikasle horiek ze eskolatan hezten ditugun. Edo udalen ekarpenak aipatzean, esan gabe geratu zaio hainbat eskola pribatuk herriarenak diren eraikuntzetan egiten duela lan, eta udala egiten dela hauen mantenuaren kargu, neurri batean.

Hezkuntza gure gizartearen erronka nagusienetako bat da, zailtasunez betea eta etorkizunera begira guztion beharra duena. Nork berea defendatzea zilegi da eta ziur nago egin daitekeela Euskal Eskola Publikoaren aurka jo gabe.

----------

Aitzol Illarramendi

Arrasate Herri Eskolako Gurasoen Elkartearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak