Batetik, horrelakoetan "bi aldeetakoak" erakusteko jarrera duten komunikabideei ezinezko egin zaie kubatarrek Fidelekiko eta iraultzarekiko duten atxikimendua ezkutatzea.
Bigarrenik, Fidel horren pertsonaia garrantzitsua bada, berak eta bere herriak aurrera daramaten eta munduko botereei horrenbeste min ematen dien proiektu politikoarengatik da. Finean, interes orokorra gutxi batzuen interesen gainetik jartzea bezain gauza sinplean datza. A, eta ez gaitezen nahasi, ez die min ematen –soilik– ezin dutelako Kuba esplotatu, mundu osoarentzako herrien eta pertsonen askatasunaren eredu bizia delako baizik.
Hirugarrenik, barregura sartzen zait gure "demokrazietatik" Kubari lezioak ematen dizkiogunean. Batetik, gure buruzagiek TTIP sinatu eta multinazionalen esku jartzen gaituzten bitartean, Fidelek Obamari esan berri diolako Kubak ez duela beraien laguntzarik behar, beharrezko duten gehientsuena ekoizteko gai direlako. Bestetik, Kubari "irekitasun politikoa" eskatzea begiak itxita edo intentzio oso txarrez hitz egitea delako. Ezinezkoa da mundu nagusiki kapitalista batean –kapitalismoaren bihotzetik 100 kilometrora–, etengabeko blokeo eta jazarpena jasanaz –600 heriotza saiakeratik gora Fidelen aurka, konkista saiakerak, Guantanamo...–, sozialismorantz jotzen ari den herri bati normaltasuna eskatzea. Lezio gutxi, beraz, egin dezagun mundu sozialista bat eta ondoren eska diezaiogun Kubari irekitzeko.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Kubaren elkartasun internazionalista. Beraien bizitzek, gureek ez bezala, ez dutelako sarraskirik eragiten planetan, batetik; eta bere buruarentzat erabil ditzakeen errekurtsoak bera baino egoera okerragoan daudenei laguntzeko erabiltzeagatik, bestetik. Gurean GKEek egiten dutena Kuban estatuak egiten du. Galdetu bestela sahararrei, vietnamdarrei, angolarrei, palestinarrei... edota ebola gordinen jasan duten herrialdeei.
Eskerrik asko, Kuba! Agur eta ohore, Fidel! Gora, Euskal Herria sozialista!