Hurrengo egunean, berriz, etxeko telefonora deitu "zidaten" (zioten) eta emakume baten ahots siku batek: "¿Está el señor de la casa?", esan zidan; telefono konpainia batetik deitzen zuen. Ni ez nintzen, antza, haren azalpenak ulertu eta erabakirik hartzeko gai. Berakatzak ikusi eta erosteko bai, ordea, horretarako berezko sena daukat, itxuraz, señora izate hutsagatik.
Dena dela, arrautza edo oiloa, zein izan zen lehenengo? Izan ere, berakatz-saltzaileak gizonezkoei nola deituko die, ba, inoiz gizonezko bezerorik gerturatu ez bazaio? Ez dut uste emakumeoi rolik ezartzeko ezkutuko asmorik izango zuenik furgoneta gainezka Antzuolara iritsi zen gizon horrek.
Berriki, bi lagunek (emakumeak biak) esan didate lantokian, lan berdinaren truke, gizonezkoek baino gutxiago kobratzen dutela. Ideiarik ere ez daukat, baina, legez kanpokoa izango da hori, ez? Eta hala ez bada, izan beharko luke!!!
Neuri ere gertatu zitzaidan halako zerbait. Langabezian nengoen; kafetegi batean langile bat behar zutela eta, deitu nuen eta emakume batek galdetu zidan ia umerik neukan. Ez dakit erantzun ere nolatan egin nion, baina, nik, baietz! Eta erantzuna, "orduan ez zait interesatzen".
Umeen ardurak buruan, ez omen dugu behar bezala lan egiten… emakumeok. Horixe esan zidan!!! Eta ni, hitzik gabe, aho zabalik. Aitek, antza, ez dute umeen ardurarik; edo, beharbada, ardurak izanda ere, gai izango dira behar bezala lan egiteko.
Anekdotak dira, egunerokotasunean gertatutakoak, besterik ez, ez noa ni genero-desberdintasunari buruzko azterketa sakonik egitera, baina, sakonago dagoen zerbaiten isla dira.