Bergarako Udalaren hizkuntza politika: sare sozialak

Badira egun batzuk Bergarako Udala sare sozialetan egiten ari den hizkuntzaren erabilera salatzen ari naizela. Izugarria da zentzu honetan azkenengo bi urteetan eman den atzerapausoa. Zergatik atzerapauso hau Udalaren aldetik hizkuntzaren erabilera normalizatzeko bide egokiak ematen ari zirenean?

Bergara herri euskalduna da eta horren adibide, Soziolinguistika Klusterrak egindako azkeneko kale neurketen arabera Bergarako euskaldunen indizea, %76koa –azken-aurrekoan %80koa–. Eta ondorioz, Uemaren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) barnean dagoen udalerri bat gara.

Udaleko irizpideen arabera, euskarari lehentasuna eman behar zaio komunikazioetan, baina nola egin hau sare sozialetan? Argi dago hartutako bidea ez dela egokia. Ezin da guztia ele bitan idatzi, are gutxiago bi hizkuntzak parez pare jarri, euskarari lehentasunik eman gabe.

Bergarako Udalak, hizkuntzaren erabileraren inguruko irizpideez gain, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP 2013-2017) ere badauka. Baina hara non lau urterako plan hau iaz amaitu zela, eta ez da berririk landu 2018-2021 urteetarako, nahiz eta 2017ko aurrekontuetan horretarako diru partida bat egon.

Bergarako Udal Gobernuari hausnarketa sakon bat eskatzen diot egoera hau bideratzeko, herritar zein eragileekin konpartitua. Eta lan horretan bidelagun izango ditu EH Bildu eta baita ni neu ere.

----------

Aitor Aranzabal Gallastegi

Bergarako EH Bilduko zinegotzia

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak