Berrogeita hamar urte eta bidezidor bat

1933an, Errepublika garaian, Ariznoa Ikastola izenarekin zabaldu zen lehenengo ikastola Bergaran. Orduz geroztik, forma ugari izan du proiektuak –baita frankismoan ere–, harik eta 1971. urtean herriko guraso talde batek egun Aranzadi Ikastola izenarekin ezagutzen duguna sortu zuen arte.

Bide horretan, ikusi ditugu soldaduak Ikastolan sartu eta material guztia aurreko plazan erretzen –1936an Bergara tropa altxatuen esku gelditu zenean–, eskaini dugu hamaika eskola klandestino eta, guztiaren gainetik, defendatu dugu gure helburua: Bergaran eskola euskaldun eta berritzailea eraikitzea. Era berean, ez da anekdota hutsa herrian sexu-genero bereizketarik gabeko ikasgelak sortu zituen lehen hezkuntza-proiektua Aranzadi Ikastola izatea: pedagogian ez ezik, arlo sozialean ere izan da aitzindari.

Euskalduntzeaz gain, euskaltzaletasuna sustatzea izan da Ikastolaren xedea sorrerako unetik. Hamarkadak igaro ahala gizartea eraldatuz badoa ere, zenbait kontuk sustraiei eusten die gogor: euskaltzaletasunaren aldeko aldarria iraganeko kontua ez ezik, etorkizuna ere badelako.

Sorreraz geroztik, auzolanean eraiki eta eraberritzen joan da Aranzadi Ikastola, hainbat belaunaldiren lanari esker. Interes pribatuetatik ihesi, komunitateak kudeatu du proiektua urtez urte, uneko erronkei ilusioz oratuz. Bide horretan, esan genezake bere burua antolatzen duen edozein esperientzia dela aberasgarria gizartearentzat, burujabetasunak bere gain hartzen baititu parte hartzea eta kritikotasuna. Hain zuzen ere, ezaugarri eta balio horien transmisioa da mimo handiz erein eta zaindu duguna, Ikastolako ikasleak pertsona solidario eta aktiboak izan daitezen.

Aranzadi Ikastolak mende erdia bete duen honetan, aukera berri baten aurrean gaude; historian lehen aldiz, unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistema osoa arautuko duen Legearen atarian gaude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ezin uka korapilatsua den prozesuak argiak eta ilunak izango dituela, baina historian lehen aldiz, aukera dugu elkarrekin eseri eta Euskal Herriak behar duen eskola-eredua marrazteko. Aukera ezin hobea daukagu eraldaketaren alde biei ekiteko: pedagogikoari eta erakunde-eraldaketari.

Eskolaren gidaritza hezkuntza-komunitatearen eskuetan jartzea ez da utopia bat. Egungo erronka sozialei – segregazioaren afera, nazio-identitatea, euskararen biziberritzea, inklusioa…– erantzukizunez aurre egiteko dugun bide bakarra da. Ikastolen esperientzia kooperatiboari egindako bidea aitortu eta zintzotasunez begiratu behar diogu, ahuleziak eta erronkak, argiak eta ilunak antzemateko beldurrik gabe. Eredutzat dugun Finlandiako hezkuntza-sistemak ere erakutsi du publikotasun komunitarioaren bidez sistema osasuntsua berma daitekeela. Izan ere, sakon hausnartu beharko genuke administrazioaren jabetza esklusiboak zertara garamatzan.

Maiatzaren 28an, Bergarako kaleak jendez beteko ditugu Aranzadiren 50. urteurrena ospatzeko. Aranzadi Ikastolak hiru aldiz antolatu du Kilometroak jaia, eta hiru aldietan ehunka boluntarioren lanak ahalbidetu zuen demaseko jaia egitea. Beste dimentsio batean bada ere, oraingoa ez da gutxiagorako izango: 200 boluntario inguru ariko gara lanean ikasleek, irakasleek eta gurasoek, herriko hainbat eragilerekin batera, antolatutako eguna aurrera ateratzeko.

Urtez urte, mugarriz mugarri, esku askok landutako harriz, gure noranzkoari eusteko bidezidorra egiten jarraitzea izango da helburua. Festaz gozatzeaz gain, aukera izango dugu gure ildoak aldarrikatzeko: lurraldea, kultura, aniztasuna eta euskara bera. Sinplea dirudi berrogeita hamar urte baino gehiagoko lana egun bakarrera ekarri nahi izateak, baina irakurketa bestelakoa da: parte-hartzea eta, ondorioz, demokrazia ez da bidea egina dagoenean helmugan herritarrak biltzea. Parte-hartzea da bidezidorra elkarrekin marrazteko hitza eta erabakia bermatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak