Inguratzen gaituen produkzio eta kontsumo eredua astintzeko beharrak batu gintuen, euskal baserria menpekotasunetik atera ahal dugula sinisteak indartu gaitu, eta iraultzaren kolektibizazioa berreskuratzeak aurrera egiten laguntzen digu.
Ez da produktu ekologikoaren eskaintza hutsa, baizik eta gu denon duintasuna eta zoriontasuna bermatzen duen aldarri ozena, Euskal Herri burujabea eraikitzeko, egunero, eguzkiarekin bat, mendialdeko bazterretan barrena lanean diharduen kolektibo bakartia.
Prest gaude gure baserriak bizirik mantentzearen ardura gureganatzeko, gure izatea plazaratzeko eta gure aitona amonen ofizioa erakargarri bihurtzeko, lurrari eusteko eta gizarte justu eta askeago baten alde tinko mantentzeko. Baina ezin dugu borroka hau abeltzain eta nekazarion gain utzi, herritar gisa dugun ardura eta egitea barneratu eta konpromiso txikiak onartzeko garaia heldu zaigu, inoiz ahaztu gabe (kide baten hitzak gogoratuz) baserria jakintza dela, jakintza iraultza, iraultza etorkizuna... Etorkizuna baserria dela!