Esanguratsuenetako bat beldurra da, baina dirua ezin dugu ahaztu. Gizartean duen eragina inoiz baino nabarmenagoa da eta horrelako kasuetan mugimendu edo erreakzio ezberdinak sortzen dira. Horietako bat bitcoina da.
Bitcoina 2009. urtean sorturiko txanpon birtuala da, eta, ordenagailuan programa bat instalatuz, diru-zorro birtual bat izango dugu, hauek gorde eta elkartrukatu ahal izateko.
Bitcoinak lortzeko bi modu ezberdin daude: erosiz edo sortuz. Txanpon asko sortu nahi izanez gero, Google edo Facebookek erabiltzen dituzten super ordenagailu guztiak martxan jarri beharko genituzke. Ohiko erabiltzaileok, asko jota ordenagailu pare bat dauzkagunez, erosketa edo trukearen bidez besterik ezin izango dugu lortu. Euroak bitcoinengatik aldatuz edo salmenta bitartez (adb: kamiseta bat 5 bitcoinen ordez).
Txanpon birtual hau enkriptaturik dago; segurtasun maila bat du. Hau da, bitcoinak lapurtzea edota nahi adina sortzea ia ezinezkoa izango da. Gainera, dezentralizaturik dago; beraz, nork bere ordenagailuan gordetzen ditu eta ez dago bitartekorik trantsakzioetan, bankuen papera ezabatuz.
Esan genezake txanpon honen balioa ez dagoela inongo enpresa, banku edo estaturen menpe. Alde onak dituela antzematen da, baina txarrak ere badaude. Segurtasun maila bat dauka, baina ez dakigu zelakoa den edo noiz arte eutsiko duen.
Ez da moneta fisikoa, ezin da ukitu ezta lehen bezala koltxoi azpian gorde. Horregatik, eta orain arte, bitcoinaren sortzailea nor den ez dakigunez, nolabaiteko mesfidantza ere sortzen du.
Momentuz, indarrean dagoen arren, ez dauka presentzia handirik gure artean, baina nork daki etorkizunean ekonomia mundua aldatuko duen kontzeptua izango ote den.
Bada, bien bitartean, ez dago gaizki azken sorrera hauen berri izatea...