... 24 orduak konektaturik bizi gaitezke wi-fi edo 3G-ri esker. Gero eta gailu, gadget edo tramankulu ezberdin gehiagok inguratzen gaituzte (smartphone, tablet, ultrabook...) eta bertan, App deituriko milaka programa erabil ditzakegu. Zeinek ez ditu ezagutzen Facebook edo Twitter sare sozialak? Zeinek ez du bidali WhatsApp bat edo Angry Birds-en partidatxo bat jolastu momenturen batean?
Eskertzen da edozein momentutan eta edozein lekutan gure eskuetan nahi dugun informazioa edukitzea, arazo batetik baino gehiagotatik atera baikaitzake.
Lan arloan, esaterako, izugarrizko abantailak ematen dituzte, denbora murriztuz, mugikortasuna erraztuz edota globalizatutako mundu honetan milaka kilometrotara dauden bi enpresaren edo bi pertsonaren arteko proiektuak ahalbideratuz.
Baina beharrezkoa al da momentu oro Real-Time, urrun dauden lagunen egoera jakitea eta beraiekin gaudenean modan dagoen App-arekin trasteatzen aritzea?
Baliteke honek guztiak pertsonen zuzeneko harremanak murrizten aritzea, aldi berean, nolabaiteko menpekotasuna sortuz.
Adibidez, Estatu Batuetan, ohikoa da, eta aldi berean adierazgarria, taberna batean sartu eta lagun talde bat, mahai erdian guztien mugikorrak itzalita dituztelarik, trago bat hartzen ikustea. Era honetan, elkarrekin dauden bitartean, inor distrai ez dadin ziurtatzeko modu bat da.
Egia da erabiltzaileek dutela azkenengo hitza, beraiek erabakitzen baitute noiz, non eta nola erabili enpresek eskainitako baliabide ezberdinak. Hala ere, erreminta hauei probetxu handiena ateratzearen eta erabilera arduragabea egitearen arteko muga non dagoen jakitea da gure erronka.