Candyren esperientzia baliagarria da beste egoera batzuetarako ere

Erabiltzailearen aurpegia

Urriaren bukaera zen Candy enpresak Bergaran daukan lantegia ixtea erabaki zuela jakinarazi zuenean.

Erabakia irmoa zen eta abenduaren 31rako bukatu nahi zuen kitapena. Aspaldian zenbiltzan hau gertatuko zela esaten zuten zurrumurruak, baina sinetsi nahi ez eta ezer gertatuko ez balitz bezala geunden guztiok; erakunde publikoak, langileak, enpresa…

Itxieraren berri izan bezain laster jarri ginen harremanetan langile-batzordearekin eta enpresarekin. Egoera “salbatzeko” zer egin zitekeen aztertzeko konpromisoa ere hartu genuen langileekin. Egoera aztertzen hasi ginenean jakin genuen bazela "berrindustrializazioa" esaten zaion prozesu bat, Europan nahikoa ezaguna eta gure inguruan inoiz gauzatu gabea.

Eta zer da berrindustrializazioa?

Lehen jarduera industriala zegoen tokian eta zeuden langileekin jarduera industrial berri bat jartzea. Sinplea dirudi, baina nola lortu jarduera berri hori? Ixtea erabaki duen enpresak itxierarengatik ordaindu behar zuen dirua eta hutsik utzi behar zituen orubea eta instalazioak balizko proiektu berri baten eskuetan jarrita. Ordainetan, proiektu berri horrek ixtea erabaki duen enpresak zituen langileak hartzen ditu bere gain lan-baldintza duinetan. Honek langileen eta badoan enpresaren konpromisoa eta lankidetza eskatzen ditu, noski.

Aukera hau aztertu genuen GFAn eta kontsulta-epea bukatzeko bi egun gelditzen zirenean planteatu genien langile-batzordeari eta Candy enpresari berrindustrializazioa izan zitekeela irtenbide ona Candyrentzat. GFA prest zegoela norabide horretan bidaide eta, are gehiago, gidari izateko. Baiezkoa jaso genuen bien aldetik. Jarrera txalogarria inondik begiratuta ere. Candyko jabeak italiarrak dira eta langile-batzordea 5 sindikatuk osatzen zuten. Adostasunak erraz aurkitu genituen bien aldetik.

Esan beharra dago itxiera baino bi egun lehenago planteatzea aukera hau ez dela egon daitekeen agertokirik onena. Askoz egingarriagoa da berrindustrializazio-prozesua nahikoa denborarekin antzematen eta esplizitatzen bada itxiera gertatuko dela eta egoerari aurrea hartuz proiektu berri bat denboraz bilatzen, aurkitzen eta ezartzen bada.

Eskuartean daukagun lehenengo berrindustrializazio-prozesu hau muturreko baldintzetan ari gara garatzen. Eta hala ere, ziur gaude aurrera aterako dugula eta urte askoan Bergarako lantegirik garrantzitsuenetako bat hartu duen orubeak eta bertan lan egin duten langileek industria bat izango dutela martxan.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin hitzartuko dugu proiektu berriak lortzeko alderdi teknikoa eta Europan ohikoa den hori Gipuzkoan ere errealitate bilakatuko dugu. Proiektu berriak bilatu, baloratu eta Candyrekin eta langileekin lehenestea izango da hurrengo urratsa; jada egiten hasia garena. Denbora kontra daukagu eta presiopean egingo dugu lan oraingoan. Baina hori ez da oztopo gaindiezina izango. Ondoren, proiektu berria Bergaran ezartzea etorriko da eta horrela jarduera industriala eta enplegua mantentzea lortuko dugu.

Candy enpresak eta bertako langileek jarrera guztiz txalogarria erakutsi dute halako muturreko egoeran berrindustrializazio-prozesuan sartzean. Lan handia eta une batzuetan korapilatsua egitea tokatu zaigu guztioi bidean; baina borondatearekin eta administrazioaren inplikazioarekin posible dela erakutsi dugu.
Hala ere, aurrera begira, honelako egoerei aurrea hartu eta irtenbideak garaiz planteatzea arrakastarako gako garrantzitsua izango dira.

Eta nola hartu aurrea horrelako egoera bati?

Erakunde publikoei dagokigu aurrea hartzeko lana. Bereziki, Eusko Jaurlaritzari. Bera baita industriaren eskumena eta horrelako ekinbideak martxan jartzeko baliabideak dituena. Candyren kasuan ez du ezer egin. Ezta langile-batzordearekin edo enpresarekin elkartu ere. Are gutxiago iniziatiba hartu eta alternatibak planteatu. Eskuak gurutzatuta gelditu da, komunikabideetan gezurrak esateko izan ez bada.

Beraz, lehenengo erronka Eusko Jaurlaritzak eremu honetan duen eskumena eta erantzukizuna bere gain hartzea izango da. Egoeraren ikusle izatetik irtenbidearen aktibo izatera pasa beharko luke. Industria-politika sendoa eta ausarta izan beharko luke egoera iraultzeko eta egungo egoera gordinari alternatibak bilatzearekin batera, etorkizunerako planteamendu berritzaileak egin beharko lituzke. Berak egiten ez duen bitartean, baina, besteok prest gaude bere hutsunea betetzeko eta horrela egiten jarraituko dugu.

Gipuzkoa berria eraikitzen ari garelako. Gipuzkoan bizi eta lan egin nahi dugulako eta herrialdeko pertsonekin konpromiso estua eta irmoa daukagulako. Politika fiskalean, gizarte zerbitzuetan, politika ekonomikoetan, ingurumenean, genero-berdintasunean, euskaran… gure lurraldea aitzindari egiten ari gara gipuzkoarron ongizatean.

Ezinbestekoa da gure ehun industrialaren diagnostiko zehatza, norbanakoa eta zorrotza egitea. Gure enpresek egun dituzten erronkak eta beharrak ezagutzearekin batera etorkizunean izango dituzten zailtasun eta hutsuneak gaurdanik antzemateak berebiziko garrantzia dauka. Zailtasun eta hutsune hauek gainditzeko aukerak jarri behar ditugu mahai-gainean. Hau da, adimen ekonomikoa garatzen lagundu behar diegu enpresei. Enpresek erakunde publikoetan leihatila bat izan behar dute beraien egoeraren araberako irtenbideak proposatuko dizkiona eta horixe izango da GFAk egingo duen hurrengo urratsa.

Eta Gipuzkoan egingo dugun honek; berrindustrializazio-prozesuak martxan jartzeak eta adimen ekonomikora bideratutako bulegoa irekitzeak gure ehun industriala eta enplegu duina mantentzeko aukera paregabea eskainiko digu. Jakin badakigulako lurraldeko enpresak eta langileak industriaren eta enpleguaren defendatzaile direla eta norabide honetan Gipuzkoako Foru Aldundia bidaide eta gidari izango dutela.

----------

Agurne Barruso (Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko burua)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.