Emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Ander Garay Zabaleta 2018ko aza. 25a, 12:13

Azaroaren 25aren harira, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, alegia,  gogoeta batzuk partekatu nahiko nituzke. 

Emakumeenganako indarkeriak, zoritxarrez, larriki kolpatzen du gure gizartea. Indarkeria hori era ezberdinetan presente dago gure egunerokotasunean; kasu batzuetan, identifikagarria izaten da, begi bistan dago, baina beste kasu askotan, gehienetan, esatera ausartuko nintzateke, ez da begi-bistakoa, ezkutuan gordeta dago. Biktimek, beldurraren beldurrez, ezkutuan, isiltasunean, bakardadean, pairatzen dute. Ezkutuko indarkeria hori azaleratzea guztion ardura dela uste dut. Biktimen alboan egotea guztioi dagokigu, biktima bakoitzak behar eta nahi duen eran.

Indarkeria horrek oraindik ere sustrai sakonak ditu, tamalez, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunean oinarritzen baita. Pertsona orok beharko luke xede guztiekiko tratu ona bermatuko duen gizarte bat; hau da, emakumeenganako indarkeriari aurre egiten dion gizarte bat. Baina hori lortzeko, gure gizartearen gaitz horren sustraietara jo behar dugu, eta, horretarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna barneratuta duen gizarte bat behar dugu.

Denon artean gizarte parekide bat eraikitzea beharrezkoa da, pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizarte bat. Horretarako, guztiok inplikatu beharra daukagu, erakundeez eta eragileez haratago, guztion ahalegina beharrezkoa delako.

Arazo larri honi aurre egiteko guztion inplikazioa ezinbestekoa izanik, guztiok elkarrekin lan egin beharra dugu helburu hori erdietsi nahi badugu. Ibilbidea denon artean eta batera egin behar dugu helmuga horretara iritsi ahal izateko; hau da, berdintasunean oinarrituko den emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzea.

----------

Ander Garay Zabaleta

Arrasateko Udaleko Berdintasun arloko zinegotzia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak