Euskararen Legeak 35 urte

Erabiltzailearen aurpegia Ander Fernandez Gil 2017ko abe. 3a, 00:00

Euskararen Legeak 35 urte bete zituen pasa den ostiralean; eta, horren harira, zenbait salaketa egin ditugu sare sozialen bitartez.

35. urteurren honetan, EHEtik egiten dugun balorazioa ez da inondik inora positiboa. Ikustea besterik ez dago euskaldunok egunerokotasunean jasaten dugun hizkuntza eskubideen zapalkuntza, edota euskararen erabileran ematen ari den atzerakada arnasgunetzat genituen hainbat eremutan. Datozen urteak erabakigarriak izango dira euskararen biziraupenerako; eta, aldaketa aurreikuspen hauen aurrean, jauzia emateko ordua da.

Euskal Herrian euskaraz bizitzeko, ezinbestekoa izango da bertoko biztanleria euskalduna izatea. Are gehiago, administrazio publikoko langile oro euskaldun eleanitza izan beharko da legez, euskaraz bizi nahi dugun gainontzeko euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak izatea ez badugu nahi, behintzat. Dagoeneko ez digu balio administrazioko langile batzuek soilik jakitea euskaraz. Denek gazteleraz badakite, zergatik ez euskaraz?

Ez dugu onartuko euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea, eta are gutxiago euskaldunak bigarren mailako biztanletzat jotzea. Errealitate linguistikoaren arabera jartzen ei dira euskaldun kuotak administrazioko bulegoetan lanean, euskaldunoi zerbitzua bermatzeko. Errealitatea aldatzeko ordua dela deritzogu, ala beharrezkoa al da gogoraraztea zeinen eskutik eratorritako debekuak eraman gintuen errealitate honetara?

Etorkizunean ez dadin gertatu gaur egun gertatzen dena, estrategikotzat jotzen dugu euskaraz dakiten ikasleak sortuko dituen hezkuntza sistema euskaldun bat sortzea. Horretarako, ereduen politiketatik harago euskaraz bizitzeko eredu bakar eta integrala adostu behar dugu, arestian aipatutako jauzia sakona izatea nahi badugu, behintzat.

Orobat, euskararen ofizialtasuna exijitzen dugu Euskal Herri osoan eta gure hizkuntzaren derrigortasuna edozein hizkuntza ofizial eta ez-gutxituk behar duen moduan. Honez gain, erabilera planak indartu eta beharrezko baliabideak jartzea ezinbestekoa izango da estrategikoak ulertzen diren eremuak kontuan izanda.

Jauzia emateko garaia da, administrazioan euskaraz bizitzeko lehen urratsa euskaraz jakitea denez; euskaltegiak betetzera goaz!

----------

Ander Fernandez Gil

Arrasateko EHE

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak