Boluntarioez osatuta daude, bereziki, eta gizarteari zerbitzu aparta eskaintzen diete.
Jakina da ere gero eta zailtasun gehiago dituztela gobernu organoak eratzeko. Norbaitek pentsa dezake belaunaldien arabera konpromisoa diferentea dela eta gaurko gazteen inplikazioa txikiagoa dela. Hala ere, iruditzen zait ez dela adin kontua. Gertuko elkarte batean, jubilatutako kide batek hauxe argudiatu berri du zuzendaritzan parte ez hartzeko, kargua derrigorrezkoa bada ere: "Orain erretiratu naizela, nire denbora ez dut horretan erabili behar". Ez da kasu isolatua.
Auzolana aplikatzeko garaia da, egiazko auzolana. Baserri edo etxe bakoitzak pertsona bat bidali behar zuen lan komunetan parte hartzeko. Baina etxeko inor ezin bazen joan, diru kopuru bat ordaindu behar izaten zuen. Mekanismo hori funtsezkoa izan da auzolanak irauteko.
Garai hauetan, elkarteek kalkula dezakete zenbat orduko inplikazioa izan dezakeen zuzendaritzako kargu batek, hori dirutara itzuli eta, erraza ez bada ere, aplikatu. Elkarteek aurrera egin eta inoren lana baloratzeko modu bat da.