Batetik, multinazional batzuk alde egiten ari dira. Etorri ziren, ez bertakoak oso majoak garelako, baizik eta inguruan baldintza aproposak identifikatu zituztelako: langile kualifikatuak, formakuntza-zentroak, hornitzaile-sarea, eskulan merkeagoa… Lantegia errentagarria bada ere, beste herrialde batzuk, urteak igarota, erlatiboki erakargarriago bihurtzen dira eta hara eramaten dute.
Bestetik, bertako betiko fabrika batzuk kanpoko eskuetan geratzen ari dira: enpresariak, jubilatutakoan, lurraldean sustraitutadagoen enpresa hori kanpoko funts edo multinazional bati saltzen dio.
Erakundeak eta agente sozialak neurriak hartzen hasiak dira: "Politika industrial" baten aldarrikapena, "Euskal Finantza Aliantza" akordioa eta abar.
Ez dudana ulertzen da zergatik enpresa formula kooperatiboa ez den agertzen debate horietan. Langileek, aldi berean enpresaren jabe direnean, nekez bozkatuko dute negozioa saltzea. Aitzitik, formakuntzaren eta berrikuntzaren alde borrokatuko dira, enpresak sustraituta jarrai dezan.