Hala esan zuen Euskalgintzaren Kontseiluak azaroan: azken hamarkadetako susperraldia moteldu egin da eta erabilera soziala ahula da.
Badira urte batzuk Joxean Artzeren ondoko esaldia edonon ikus zitekeela: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Gaur, ordea, demografia azkar aldatzen ari denez –kanpotik etorri diren herritarren portzentajea gero eta garrantzitsuagoa da–, euskara ikastea ere funtsezkoa da.
Hiru aste dela, orri hauetan honela zioen Amerika Elkarteko presidente Daniela Castrok, hona datozen migratzaileen arazoak azaltzerakoan: "Nahi dutena eta behar dutena bizirik irautea da, eta beste guztia bigarren plano batean geratzen da... Konturatu ginen pertsona migratzaileei ez zitzaiela interesatzen hitzaldi batera joatea edo euskara ikastea; lo egiteko leku bat eta jatekoa nahi dute. Eta, egonkortasun bat zein oinarrizko beharrak beteta ez dituzten artean, horrela izango da".
Hots, nekez gaindituko dugu euskararen larrialdia Danielak aipatutako larrialdia aintzat hartzen ez badugu gizarte bezala.