Eguna-ko lanagatik heriotza-zigorra jasotzeko zorian egon ostean, gerra amaituta, bere asmo sozioekonomikoak aurrera eraman zituen euskara alde batera utziz. Arizmendiarrietak hogei urtetan ia ez zuen euskara erabili.
Edonola ere, etapa hartatik kanpo, euskaraz egindako jarduera apartekoa da garai haietarako. Adibidez, seminarioan euskara hutsezko aldizkari bat sortu zuen ikaskide batzuekin, itzulpengintzan aritu zen edota arlo ezberdinetako berbekin hiztegi bat egin zuen bere idazkietarako. Gerra egoeran, Eguna-z gain, Gudari egunkarian ere idatzi zuen. 1968. urte ingurutik aurrera TU Lankide-ren zenbaki guztietan euskarazko artikuluak idatzi zituen, enpresen izenak asmatu zituen...
Azken batean, euskara arloan ere, bere bizitzako zati handienean erabili zuenean, lan nabarmena egin zuen Aritzmendi-Arieta Joseba Mirenak.