Turistak ziren eta Arrasaten zeuden egun batzuetarako. Nolatan? Geografikoki Erkidegoko erdian kokatuta, leku interesgarri asko gertu daudelako. Faktore ezberdinak direla eta, turisten etorrerak beste behin marka guztiak hautsi ditu Gipuzkoan, bereziki kapitalean. Dena ez da, baina, arrosa kolorekoa. Donostiako agintariek trafikoaren arazoa azpimarratu dute; auto pilaketak gertatu dira egun batzuetan. Hala ere, ondokoa gehitu dute: "Behin turismoaren arrakasta iritsi dela, ez gara ba kexatuko!".
Espero dut bestelako hausnarketak ere egingo dituztela off the record, beste hiri batzuetan jazo dena ikusita: eremu turistikoen bizitza aldatu egin da. Harategi edo arrandegiak bezalako komertzioak itxi eta kanpotarrei begirakoak zabaltzen dira (oroigarri dendak, tabernak, delicatessen saltokiak…), bisitarientzako pisuak areagotu, kaleak turistez josi, eta abar. Azken batean, gune horiek parke tematiko bihurtu eta betiko biztanleek handik kanpo ibili nahi dute. Debagoienean urrun dago turismoa arazo izatetik. Aitzitik, marjina handia daukagu ehunka laguni non afaldu dezaketen gomendatzeko edo zer bisitatu esateko.