Gaur Santa Ageda da, beraz. Kuriosoa da eguna baino bezpera ezagunagoa izatea.
Antzinako tradizioa da santuaren omenez koplak kantatzea, kalez kale eta baserriz baserri, dirua eta jakiak biltzeko helburu ezberdinetarako. Beste leku askotan bezala, Arrasaten (gertuen ezagutzen dudan koroa) adin ezberdineko lagunak elkartzen dira kantuan egiteko. Badaude horien artean hirurogei urte baino gehiago daramatzatenak jardunean: kontatzen dutenez, garai batean, baserriz baserri Bergara aldera jaitsi eta trenean itzultzen ziren Arrasatera. Trenean? Aspaldikoa da, bai, ohitura.
Erakargarritasun berezia dauka Santa Agedak goizetik gauera kantuan aritzeko. Euria, elurra edo hotza (otsailean besterik ezin espero) ez dira oztopo "Agate Deunaren goraldiak" eta beste abesteko. Batzuek egutegian kolore bereziaz markatuta dute otsailaren 4a: urteko egunik onena.
Ez da harritzekoa, hortaz, Santa Ageda abesbatzak jaso izana iaz herriko taldeak/pertsonak errekonozitzeko Arrasaten banatzen den saria, Maritxu Kajoiko Komisiñuaren saria.