Arrasateko sanjuanetan denbora gehiago irauten du hiru kolorekoak. Baina zergatik jartzen da? Ez dago erantzun beharrik, ezta? Hortaz, zergatik ez dago Mondragoeko erdialdean masta bat ikurrina batez modu iraunkorrean?
Badatoz oporrak, eta, bidaiatzeko aukera badugu, herrialde askotan han-hemenka ikusiko ditugu ikur nazionalak. Ez da arreta handirik jarri behar konturatzeko normala dela paisaia hori: banderak leku publiko eta pribatuetan, eraikin ofizialetan eta bestelakoetan. Arrasateko kaleetan, egun bereziak ez badira, taberna batzuetan eta alderdi politiko abertzale gehienenen egoitzetan ikus daiteke soilik gurutze bikoa.
Normala da munduan zehar eta horrela izan behar du gurean ere, Aretxabaletan edo Oñatin bezala: plazan bertan esekita dago ikurrina haga altu batean.
Udalbatza berria daukagu eta badakit gai asko dagoela talde berri bati eskatzeko; hala ere, urteurrena ezin alboratu: aste honetan bete dira 121 urte hiru kolorekoa lehen aldiz plazaratu zela. Mondragoeko Herriko Plaza, baina, zain dago oraindik.