Bere jarduera Bilbon eraman izan balu, eta ez Debagoienean, askoz ezagunagoa izango litzateke. Eta abertzaletasun politikoa alde batera utzi izan ez balu, gaur egun miresle askoz gehiago izango lituzke.
Eusebio Erkiagak, baina, honela idatzi zuen 1976ko abenduan, Arizmendiarrieta itzali eta gutxira: "Euskalerria iñork ez dakian aiñean maite izaten jakin dau. Eta ori irakatsi ere bai, ez agirian eta barriketaz, egitada etenbakoetan baiño".
Txostenetan sarritan agertzen da, ezberdintasun ekonomiko-sozialei dagokienez, Debagoienaren egoera orekatuagoa. EGAB erakundearen 2014ko udazkeneko azterlanean ere (Lurraldeen arteko desorekak EAEn), gure eskualdeak ditu adierazlerik hoberenak. Hori, besteak beste, "gauzatxo" bati esker da: Arizmendiarrietak Ulgorreko estatutuetan jasotako ordainsari sistema. Finkatu zuen soldata baxuenaren eta altuenaren arteko tarte estua; edo, beste hitzetan, gutxienezko eta gehienezko soldata. Mundua aldatzeko moduko ezaugarria. Horretarako eta bizitzarako bazuen esaera bat: aurrera beti!