Jaiak ospatzerakoan, ezkontzerakoan edo azken agurra ematerakoan, esate baterako, erritualen papera berebizikoa da. Kultura bakoitzak bereak ditu eta denboran zehar alda daitezke.
Hemen, azken garaietan, iruditzen zait forma berezi bat zabaltzen ari dela, konturatu gabe-edo: zerbait egitea gure printzipioen aurka badago, eragozpena gainditu daiteke erritual batez; aurretiko omenaldi bat. Duela gutxiko kasu baten zentratu barik, ikurrinarena paradigmatikoa da. Gehiengoaren borondatearen aurka bandera espainiarra eraikin ofizialetan istilurik gabe jartzeko modua asmatuta dago: zintzilikatu aurretik, hemengoari gorazarre egitea besterik ez dago.
Osagai nagusi honen inguruan beste modu batzuk asmatu dira ezinegona baretzeko: eraikinean bertan plaka bat jarri inposizioaren berri emateko, herrian dauden nazionalitate guztien banderen artean kokatu espainola, kaletik ia ikusten ez den lekuan jarri, eraikinaren inguruan ikurrina handiago bat ipini…
Ez daukagu Urkijo noiz etorriko den zain egon behar gureari gorazarre (errituala) egiteko. Eta munduko edozein herri normaletan gertatzen den bezala, bada garaia hiru kolorekoak bere haga izateko erdi aldean.