Han dabilen norbaiti galdetu eta, nahiz eta kalearen plakaren azpian egon, seguruenik ez du ezagutuko bere izen ofiziala: Gipuzkoako Foruen Plaza. Gutxi dela, komunikabide batek ere inguru hartan aurreikusten diren aldaketak azaltzeko gaitzizena erabili du, benetako deitura ezagutuko ez delakoan-edo. Pena da gure historian legeak egiteko eskumena sinbolizatzen zuten foruek ez izatea ikusgarritasun handiagoa.
Historiari lotuta, opor aurretik banatutako Udal Gida 2013n gauza berezi bat dago: Arrasateko iragana kontatzerakoan ez da Nafarroaren aipamenik egiten. Harrigarria da, besteak beste orain hiru urteko hitzaldi zikloan –Arrasate, Harri eta Burdin, hiri gutunaren 750. urteurrenean– Gipuzkoako lurraldea Nafarroako Erresumaren baitakoa zela azpimarratu baitzen edo iaz Nafarroako bandera udaletxeko balkoian egon zelako. Bestalde, terminologia aldetik kuriosoa da ondokoa irakurtzea Gidan: "…Besaideko monumentua, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba probintziak (sic) bat egiten duten puntu geografikoa”".
Hasierara itzuliz, gizartean izen berriak asmatzerakoan gaitzizen komertzialek arrakasta handia badute, zer esanik ez mesprezuzkoek: Biteri plazako aterpeari gasolindegia deitzea…!