Eta jaiak bukatutakoan berriro hutsunea, urtero moduan. Makalak ekarritako ikurrina ere, makalarekin batera joango da. Banderen legea deiturikoaren ondorioz –instituzioetan ikurrina eta gorri-horia aldamenean egon behar dira eta azken hau leku preferentean, gainera–, paisaia urbanoan ia desagertuta dago hiru-kolorekoa.
Oporretan goazenean konturatzen gara, ordea, munduan zehar ohikoa dela banderak han eta hemen ikustea: erakunde publikoetan, enpresa atarietan eta baita etxe partikularren lorategietan ere. Ez dena normala gurea da. Arrasaten hiru bat bandera besterik ez daude kalean urte osoan zehar –alderdi politikoen egoitzetan–; jaietan gehiago dira. Beste herri batzuetan, aldiz, Oñati edo Aretxabaletan, esate baterako eta urrunago joan barik, asmatu dute zer egin: herriaren zentroan jarri dute haga luze bat eta goian ikurrina.
Arrasate horren faltan dago; haga bat jarri behar da, normaltasunez. Leku aproposak izan daitezke herriko plaza, Seber Altube plaza edo pergola aldea. Pergola inguruan ikusiko litzateke gehien. Era berean, sinboloei buruzko ideiak ematen jarraituz, Seber Altuben nahiko baztertuta dagoen Gernikako arbolaren umea hara eraman liteke.
A, eta ondo pasau Sanjuanak!