Amaia Etxabe: "Gazteok indarrak biltzeko dei egiten dugu"

Erabiltzailearen aurpegia

Arrasateko gazteok etxe duin bat eskuratzeko aukerarik ez daukagun gazteak gara...

... gure etorkizun laboralean argirik ikusten ez dugun gazteak, gure ikasketak aurrera eraman ahal izateko bermerik ez daukagunak edo kontsumora bideratutako aisialdi eredua kontsumitzera kondenatuak gaudenak. Askatasunez adierazteko eta antolatzeko eskubideak ere bermatuak ez dauzkagun gazteak gara.

Adibide hauek guztiek etorkizun beltza baino ez digute erakusten gazteontzako. Etengabeko eskubideen urraketa da gazteok jasaten duguna. Emakume gazte bezala zapalduak gaude, ikasle zein langile bezala, edota euskaraz bizi nahi dugun gazteon eskubideak ere urratuak zaizkigu. Instituzioetan ez daukagu ahotsik eta, gainera, gure iritzia ez da sekula kontuan hartzen. Gugatik erabakitzen dute, baina ez dute gugatik sufritzen. Aterabidea eman behar zaion larrialdi egoera da jasaten duguna.

Horregatik, konponbiderako garaia heldu dela esaten dugu. Aurre hartzeko momentua, indarrak bildu eta gure ahotsa entzunarazteko garaia. Dauzkagun alternatibak garatzeko momentua heldu da, gure bizi baldintzak hobetzeko dauzkagun proiektu errealak aurrera eramateko unea, gazte ahotsa berreskuratzeko unea. Independentzia da gure proiektua, gure etorkizuna guk erabakitzeko formula, eta Bildu da gure tresna. Instituzioak gazteoi zabalduko dion tresna, Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta soziala ahalbidetuko diguna, ezkerreko perspektibatik oinarri aurrerakoietan eraikitako aldaketa.

Herriko gazte askok ez dugu egoera normalizatu batean bozkatzeko aukerarik izan. Salbuespen egoeraren belaunaldia gara. Azken hamarkadan ilegalizazioa eta joko zikin guztiak erabili dituzte ezkertiar eta independentistak udaletxe eta erakundeetatik kanpo utzi eta euren poltsikoetara begirako eta herri honen desagerpenera begirako politikak egiteko.

Baina oraingoan, abertzale eta ezkertiarrok indarrak bildu eta honekin bukatzeko aukera daukagu. Parte hartzeko ordua da, denon artean erabakitzeko ordua. Ustelkeria amaitu eta herritarrok dauzkagun arazoei aurre egiteko ordua da. Euskal Herri aske batera begira jartzeko sasoia da, eta, horretarako, gure herriak behar duen benetako aldaketarako Bildu da motorra. Gu independentistok gara motorra!

Aurreikus dezakegun etorkizun beltzari buelta emateko alternatiba erreala daukagu Bildu. Beraz, etorkizun hobe bat eraiki nahi duten gazte guztiei deitzen diegu indarrak biltzera, independentziaren alde apustu egitera, Bildu bozkatzera.

Euskal Herriaren geroa garelako, hain beharrezko zaigun aldaketa politiko eta soziala bermatuko duen indarra garelako, igandean, maiatzaren 22an, entzun dezatela gure oihua, independentziaren bidean, bete ditzagun ilusioz eta kolorez hautestontziak.
Bozkatu Bildu! Bozkatu independentzia!

----------------------------

Amaia Etxabe
Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.