Gogoeta egiten hasita, euskaraz jakin ez, eta ikasten ibili direnak eduki ditut buruan. Makina bat aldiz hasi dira euskaraz berbetan euskaldunen aurrean, baina gaztelaniaz jarraitu dute. Zer dela eta? Euskaldunon diskurtsoa hiperzuzentzailea delako ote da?
Horren harira, EGOD (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren Lanketa) egitasmoa aipatu nahi dut (Iñaki Martinez de Luna, 2015). Bertako zortzigarren ardatz estrategikoak dio atzean utzi behar dela hiperzuzentasuna eta hizkuntza bizia, komunikatzailea, adierazkorra eta multifuntzionala bultzatu behar dela. Izan ere, hiztun berriak ezin du bere burua deseroso ikusi.
Akatsak izeneko zutabean (Berria, 2015-04), hizkera bizia eta naturala aldarrikatzen du Anjel Lertxundik: "Hizkuntzaren bizkartzainak, arauaren itzal luzea, akatsen aurkako gurutzada… Hori guztia bizi izan dugu, bizi dugu. Ez beti hizkuntzaren bizipozezko etekinen faboretan. (…) 'Behin batez, dio Montale poetak, izan zen hutsik gabe mintzatu zen bat eta ez zion inork ulertu. Azken hiztuna zela pentsatu zuen'. Baina gertatu zen jendeak natural-natural segitu zuela hizketan. Akatsekin noski".
Euskararen erabilerak gora egingo badu, euskaldunok sustatzaileak izan beharko dugu, beraz; ezin gara hiperzuzentzaileak izan.
----------
Amaia Erostarbe Letamendi
EAJren zinegotzia
Oñati