Geroago, emakume ekintzaile talde bat eratuaz joan zen XX. mendearen hasieran (Women's Social and Political Union, 1903), eta indartu egin zen aldarrikapena. Emakume horien bide malkartsua kontatzen da Sufragistak filmean.
Garai hartan, Europako hiruzpalau herrialdetan baino ezin zuten emakumeek botoa eman: Norvegian (1913tik), Danimarkan (1915etik) eta Alemanian (1918tik). Estatu Batuetan, 1920an lortu zuten. Britainia Handiko emakumeek 1918an bozkatu zuten lehen aldiz –ezkonduek, unibertsitateko ikasleek eta 30 urtetik gorakoek–, baina 1928ra arte ez zen ezarri emakume guztien sufragioa. Espainiako estatuan, Bigarren Errepublikaren hasieran ez zegoen emakumeen sufragiorik, eta Clara Campoamor Gorte Konstituziogileetako diputatuaren lanari esker onartu zen 1931ko irailaren 1ean.
Euskadin, 1933. urteko azaroaren 5ean eman zuten lehen aldiz botoa emakumeek, Euskal Estatutua bozkatu zenean. Gomutan ditugu Emakumearen botoa: 75 urtez historian (Emakunde, 2006) lanean jaso ziren Uribarri auzoko Otadui Txiki baserriko Rosario Kortabarriaren hitzak (1908-2014): "Akordatzen naiz joan ginela. Denbora txarra zegoen, euria zen eta kotxez eraman gintuzten. Garai hartan kotxe asko ere ez zegoen baina autoak baziren bai, kaminotan. (…) Gu pozik joan ginen. (…) Hiruzpalau lagun joan ginen batera. Antonia, Joxepa… Batzokian, behintzat, batera egon ginen. Boto eman eta joan ginen Batzokira (…)".
Sufragistak filmean, feminismoarekin lotutako estereotipoak desegiten dira, eta feminismoaren helburua adierazten da: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa izatea. Alabaina, dezente urte geroago, 2016ko urtarrilean, badago bestelako adibiderik: Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdia (Frantzia); 43. edizioko sari nagusiaren 30 hautagaiak gizonezkoak dira. Ezin dugu ahaztu berdintasunik eza gizarte osoaren arazoa dela eta denon artean egin behar diogula aurre.
----------
Amaia Erostarbe eta Marijo Etxegoien
(EAJko zinegotziak)
Oñati