Euskararen Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Erostarbe 2015ko abe. 3a, 15:29

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da.

Halaxe da 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak ezarri zuenetik eta 1995. urtean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak instituzionalizatu zutenetik. Horren harira, ba al dakigu euskarak Frantzisko Xabierkoa santu nafarrari zor diola eguna; hain zuzen, 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta euskaraz, haren ama-hizkuntzan, esan omen zituen azkenengo berbak hil-zorian.           

Egunari antza emateko, ekitaldi ugari antolatu dira Oñati gure herrian: egongo dira jolasak, tailerrak eta herri-kirolak, kantuan egingo da, hartuko da txokolatea bizkotxoekin, egingo da afari-tertulia, egingo dira euskal musikarekin girotutako spinning-saioak... Zergatik, Jamil? antzerki-lana ere ikusiko da. Jendartean egiteko ospakizunak dira denak, jai-giroan bizi izatekoak, eta udalak eta ikastetxeek arretaz eratutakoak.

Hala ere, nik haratago joan gura dut, eta zera proposatu oñatiarrei: nor bere baitara bildu dadila, barneko ahotsa baliatu dezala eta egin dezala gogoeta. Egiten dut euskaraz? Ez dut egiten? Umeekin egiten dut bakarrik? Norekin egiten dut? Norekin ez dut egiten? Non egiten dut?... Euskara ikasten diharduenarekin edo ikasi duenarekin (ume / heldu), zein da nire jarrera? Nola sozializatzen dut euskara euskaldun berriekin? Laguntzen ditut ahalegin horretan?

Ezin amaitu esan gabe euskaldun berri helduak ekarri dituela gogora Eudelek aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpenean; aitormena egin die jendaurrean, eta omendu du haien gogoa, kemena eta ahalegina. Hala, Euskaldun Berria izena jartzea proposatu du udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo gune batean. Inguru hurbilean ditudan oñatiar euskaldun berriei egin nahi diet nik aitortza, eta haien izena ekarri dut gogora: Claritza, Eva, German, Jesus, Jorge, Joxe, Mohamed, Tiago, Txema, Pedro, Wednesday… Bejondeiela!

----------

Amaia Erostarbe 

(EAJren zinegotzia Oñatin)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak