"Suminduta!"

Erabiltzailearen aurpegia Ander Elortondo 2011ko eka. 27a, 02:00

Ez naiz 15M mugimendukoa, baina Arizmendi ikastola kooperatiban gertatzen ari dena (beharbada, beste batzuetan ere) erabat suminduta nauka.

Ekainaren 21ean Olarteko gunerako sarreran gertatutakoa, guraso batzuek adierazi didatenez, joera nagusia bilakatzen ari da eta onartezina deritzot. Ume guztiak gaztelera hutsez garrasika ari ziren: "¡Qué abran ya!". Dozena bat guraso inguruan normaltasun osoz, ezer gertatuko ez balitz bezala. Diotenez, ikastolan ume guztiak (3-5 urteko ziklokoez ari naiz kasu honetan) euskaldunak diren arren, salbuespenak salbuespen, ohikoa gertatzen ari da gazteleraz jardutea. Nik ere garrasi egin nion nire semeari, inguruko gurasoek entzun ziezadaten: "Oier, zuk euskaraz, hau ikastola bat da eta hemen euskaraz egiten da". Gertakari hau anekdota bat da, egoeraren erakusgarri besterik ez. Eta egoera honen aurrean...

Gurasook ez al dugu ezer esateko?

Nork sortu zituen ikastolak eta zertarako?

Zer da ikastola?

Ikastolek teorian euskalduntasuna, euskara eta euskal kultura sustatzea dute helburu.

Irakasleei klase orduetan horrelakorik gerta ez dadin neurriak eskatu beharko dizkiegu eta klase aurretik gertatuz gero guk hartuko beharko ditugu.

Ikastola nahi badugu bederen; bestela, euskararik gabe soberan daude ikastolak.

Arizmendin, kooperatiba den aldetik, guraso, irakasle eta abarrengandik hasita, hausnarketa serio bat egin behar da. Matrikula kopuruak arduratuta? Finantzaketa? Garbi izan euskara bakarrik dela ikastolaren muina eta hori eta ez besterik izan zela bere jaiotzaren arrazoia. Herrikoitasuna hortik datorkio. Euskararik gabe eskola pribatu bat gehiago izanen da, ez ikastola.

Gutun honek ez du erantzunik merezi, ekintza konkretu eta eraginkorrak baizik. Edo inork uste du sumindura diplomaziaz osatzen dela?

------------------------------

Ander Elortondo
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak